Ikuskari etnografikoen estreinaldi-tokia, Lazkao
Irrintziari buruzko ‘Erraiak’ eta Europako inauteri zaharren ‘Taming Winter’ dokumentalak Lazkaon estreinatuko dituzte, gaur. Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahalko da film italiarra, hartza oinarri duena.
Ez da ohikoa izan ohi gai etnologikoei buruzko dokumentalak topatzea. Ezohikoagoa euskal gaiak dituzten bi lan aldi berean batzea. Are arraroagoa Euskal Herriko estreinaldiak Goierrin egitea. Lazkaon gaur horixe gertatuko da, Erraiak eta Taming Winter dokumentalak emango dituztelako, 20:15ean, Areria antzokian. Sarrera 3 euro da.
Ekain Martinez de Lizardui Sturtzek iaz zuzendu eta Arteman etxeak ekoitzitako ikuskaria da Erraiak, 33 minutuko iraupenekoa. Irrintziaren jatorrira eta barne eragileetara murgil egin du ikertzaileak, galdera batzuei erantzun nahian: zer den, noiz eta nola botatzen den, zer esanahi duen, zein testuingurutan erabiltzen den…
Bi goierritarren kolaborazioa izan du Martinez de Lizarduik: Xabi Arakama trikitilari zegamarrak eta Nerea Barandiaran musika-irakasle lazkaotarrak eman dute testigantza, beste irrintzilari batzuen artean.
Lehengo asteazkenean Aretxabaletan egin zuten Erraiak lanaren estreinako emankizuna. Bigarren erakustokia Lazkaon izango du. Goierrin emanaldi gehiago ere iragarrita badaude, hurrengo hilabeteetarako.
Europako inaute-hartzaz
Lazkaon ikusi ahalko den bigarren ikuskaria Taming Winter (‘Negua bezatu’) da. Andrea Arena zuzendari italiarrak iaz ekoitzia, Italiako hainbat jaialditan erakutsi dute. Euskal Herriko estreinaldia gaurko Lazkaokoa izango du. 50 minutukoa da.
Europako tradiziozko inauteriak aztertu dituzte, neguko festei lotuak eta oinarrian hartzaren figura dutenak bereziki. Tartean, Euskal Herriko inaute ospakizunak ere ageri dira, Iturengo eta Zubietako (Nafarroa) joaldunak, adibidez.
Siberiako eta Europako inauterien jatorria argitu nahi du Taming Winter lanak. Hartza da guztien osagai komuna, pertsonaia gakoa. «Hartza dago joaleen atzean, hartza uxatu nahi baita», dio Jon Mikel Intsausti zumarragarrak; Maddi Zubeldiarekin batera dokumentalaren euskarazko azpitituluak idazten parte hartu du ikuskarian.
Nahiz eta hartzaren papera euskal inauteetan asko lausotu den, aztarna etnologikoa aurkitu diote dokumentalgileek: «Tradizioak hartzek baino gehiago iraun du. Gaur egun, 40 komunitatetan baino gehiagotan dituzte hartzarekin zerikusia duten ospakizunak». Zuberoan, Pettiri Prebenderi jasotako aipuetan ere ageri da. «Europako eta Euskal Herriko inauteri tradizionaletan, hartzari egindako errito zaharrak bistaratzen dira».
Filma ingeles, italieraz eta gaztelaniaz grabatua da, eta euskarazko azpitituluak ditu.