Ataungo emakumeen zaintza lana ikertuko dute Apalategiren Bekarekin
Miren Aranguren eta Jone Arrazola ikertzaileek jaso dute Joxe Martin Apalategiren izeneko lehen beka. 1950eko hamarkadatik gaurdainoko emakumeen errealitatean sakonduko dute
Joxe Martin Apalategi Begiristain (Ataun San Gregorio, 1949 Bilbo, 2006) antropologoa eta lana goratzeko, Ataungo Udalak izendatu du haren izeneko lehenengo ikerketa beka. Miren Aranguren zarauztarrak eta Jone Arrazola oñatiarrak osatutako bikoteak hartuko du bekaren ikerketa-objektua, emakumeak, aztertzeko langintza.
Bizitzak erdigunean. Ataungo zaintzaileen genealogia feminista (1950-2020) gaia xehetuko dute. Bekak 10.000 euroko diru hornikuntza dauka, eta 18 hilabeteko epean aurkeztuko dute emaitza. Bi eratara argitaratuko da: liburua batetik, eta kalean aztarnak edo seinaleak ipinita, ikertutako pertsonaiak edo gaiak tokian identifikatzeko. Ahoz eta irudiz ere itzuli nahi diote herriari berari jasotakoa.
70 urtetako epea hartuko dute ikerketarako. «1950eko hamarkadatik hona, emakumeen errealitatea aise aldatu da. Emakumeen askapenerako borrokan ibilbide oparoa egin da Euskal Herrian, eta horrek isla izan du herrietako errealitatean», kokatu du ikergaia Jone Arrazolak. «Ataungo gizon-emakumeak bestelakoak dira egun».
Lanbideak, sozializazio moduak, familia-ereduak eta norbanakoen nahiak aldatu diren arren, «bere horretan» dirauen arlo bati begiratuko diote ikertzaileek: biziraupenerako beharrei, eta, ondorioz, zaintza-lanei. «Zaintzaileak emakumeek izaten jarraitzen dute».
Hiruna kolektibo eta xede
Hala, 1950etik gaur egun arteko etxekoandre, neskame eta etxeko langileen errealitateak behatu, jaso eta ikertuko dituzte. «Ataungo zaintza-kateen genealogian atzera begiratuko dugu, etorkizunean, inor zapaldu gabe zaintzea posible delako».
Ikertuko dituzten kolektiboak bereziki hiru hauek izango dira: etxeko andreak, rol horretatik etxekoak zaintzeko betebeharrak nola aldatu diren ikusteko; neskameak, kanpora zerbitzatzera joandakoen testigantzak jasoz; eta etxeko langileak, bertakoak zein migranteak.
Helburuak ere hiru ditu: zaintza lanek Ataungo ekonomian duten zentralitatea sozializatu eta zaintaileak aitortu; garaian garaiko lanen berezitasunak eta antzekotasunak identifikatu; eta zaintzaileen agentzia eta erresistentzia estrategiak ezagutu, eta topaguneak identifikatu.
«Gatazka hau historikoa da, hala ere». Zaintza lanen genealogian jarri nahi dute arreta.
Uztail honetan hasita, 2020ko abendurako amaituko dute ikerketa lana. Dokumentazio bilketa egingo dute lehenengo, herrian edo Euskal Herrian gaiari buruz idatzi dena biltzeko. Ondoren, elkarrizketak egingo dizkiete Ataungo 10 bat emakumeri; 15 lan saio aurreikusten dituzte.