Azken urteetako mailarik altuena izan da Europako Sega Txapelketan
Abuztuaren 14 eta 15ean lehiatu da Austriako Schärding herrian. Josu Mendizabal zaldibiarrak 2. postua eskuratu du 14 urte azpikoen mailan.
Euskal taldeak 19 segalari eraman zituen Austrian lehiatu zen Europako Txapelketara. Lehiaketa honetan euskal taldeaz gain, beste hainbat taldek hartu zuten parte: Alemania, Eslobenia, Eslobakia, Suitza, Hego Tirol, Britainia Handia, Txekia eta Austria.
Almitza sega elkartekoen esanetan, lehiaketaren maila azken urteetako altuena izan da; honez gain antolakuntza ere oso ondo egon dela aipatu dute. Aurkarien maila ona izan arren, ez dituzte emaitza txarrak eskuratu euskaldunek. 14 urte azpiko mutiletan Josu Mendizabal zaldibiarrak bigarren postua lortu du, eta Auritz Alkortak, berriz, 4. postua maila berean. 14 urte azpiko nesketan Izadi Arrospidek 6. postua lortu du. Emakumezkoetan postu onena Alaitz Imazek lortu du, 13. postuan sailkatuta. Azkenik, gizonezkoetan, euskaldun onena Jexux Mari Goenaga izan da, 26. postuan amaitu zuen lehiaketa.
Garaileei dagokionez, 14 urtez azpikoetan bi suitzar izan dira probaren garaileak: Daniela Föhn nesketan eta Tobias Tobler mutiletan. Lehiaketa nagusian, Karinn Kronberger austriarra izan da garaile emakumezkoetan, eta Christian Irsara hego tiroldarra gizonezkoetan.