Garia ekoitzi dute Legazpiko Markaztegi baserrian
Joxe Olabide eta Nere Arrondok metodo tradizionala erabiliz egin nahi izan dute prozesu guztia, eta datorren astean dute aurreikusita garia jotzea.
Garia erein zuten pasa den azaroan Joxe Olabide eta Nere Arrondo senar-emazteek. Duela astebete inguru moztu zuten garia, eta orain gari hori jotzeko asmoa dute. Gariaren ereite hau euskararekin lotu nahi izan du Joxek, izan ere, baserri esparruan zerbait egiteari uzten zaionean, euskarazko hainbat eta hainbat hitz galtzen direla dio. Hori dela eta euskararen lexikoa pobretzen ari da.
Aspalditik zerabilen buruan garia ereitearen ideia, eta garia ereiteaz gain, horren inguruan dagoen lexikoa berreskuratzea erabaki zuten. Martin Ugarte ‘Saletxe’ legazpiarrak bertako hitzekin egindako bildumatxo bat izan du lagun; honez gain, inguruko baserritarrekin solastu, Eibarko hiztegi etnografikoa begiratu, eta Ahotsak webguneko grabazioak ere erabili ditu.
Garai bateko gari ereitea, era zaharrean egiten zen moduan egitea nolakoa zen ikusi nahi zuten. Azaro aldera landatu zuten, eta duela astebete inguru igitaiarekin moztu eta sortak edota lastazaoak egin zituzten. Berez lotu egin behar zirela aipatzen du, baina euria zetorrela eta ez zuten astirik izan. Orain, pare bat egunetan eguzkitan eduki dute gari hori, eta hurrengo astean jotzeko asmoa daukate, harri baten gainean.
Alea garbi uztean Brinkolako errotara eramango dute, Igaralde errotara, Joxe bertako errotariarekin hitz eginda dago jada eta bertan alea ehotuko dute.
Gariaren prozesua asko aldatu dela aipatzen du Joxek, lehen baserritarren arteko auzolana zen nagusi; elkar laguntzea. Izan ere, gaur egun erabiltzen den makineria sartu aurretik, esku asko behar ziren garia moztu, jo, eta prozesu osoa burutzeko.
Garia ereite prozesu hau ilusioz egin dutela aipatzen du, inolako errenta ekonomikorik lortzeko helbururik gabe, eta euskaraz lehen erabiltzen ziren baina galtzear dauden zenbait hitz berreskuratzeko eta ikasteko asmotan, eta ikasitako hau jendeari erakusteko.
Aipatzen du prozesu hau oso aberasgarria izan dela, ikasi dituen gauza guztiez gain jende askorekin solasteko eta erlazionatzeko aukera izan dutelako. Ogia etxean ekoizten du Nerek, eta badute ilusioa beraien gariarekin eginiko irinaz ogia egin ahal izateko.