Jendetza bildu zen Gabirian San Roke egunean
Atzoko egitarau erakargarria ikusirik jende asko hurbildu zen Gabiriara, gazteak bereziki. Sagardo eta txistor dastaketa, bola eta toka txapelketa edota kontzertuak izan ziren, besteak beste.
San Roke eguna ospatu zuten atzo gabiriarrek, eta inguruko herrietako jende ugari hurbildu zen bertara egunaz gozatzera. Goizean 11:00etan meza izan zen, eta ondoren Goruntzeko txikienen dantza saioa. Arratsaldeko ekitaldietarako bete zen Gabiriko plaza ingurua. 18:30etan sagardo eta txistor dastaketa zegoen antolatuta, eta gazte ugari hurbildu ziren horren aitzakian.
Honen ondoren bola eta toka txapelketa egon ziren. Josu Lazkanok irabazi zuen boloetan gizonezkoen mailan; emakumezkoetan, berriz, Naiara Peñagarikano izan zen nagusi, eta lehen herritarra ere bera izan zen.
Kontzertuen unea gauean iritsi zen, 22:30etan hasita. Revolta Permanent, Nogen, eta azkenik DJ Bull izan ziren gaua alaitzearen arduradunak.
Festetako azken eguna
Gaur izango dute gabiriarrek festez gozatzeko azken aukera, San Roke Txiki eguna da gaur. 11:00etan meza nagusia izan da, eta ondoren herritarrentzako Tiragoma, bola eta toka txapelketa izan dira. Iluntzean, urtero bezala, ardo-beltz banaketa eta afari merienda izango da herrian zehar. Honez gain, 20:00etan Cava festa hasiko da txoznan. Arratsaldean eta gauean Joselu Anaiak arituko dira giroa musikaz alaitzen, urtero legez.