Udako oporren eta lan urtearen mugarria
Kuia izan da protagonista nagusia postuz postu, tartean ale erraldoiren bat edo beste; gaztainak ere hasi dira agertzen, iristen ari den udazkenaren seinaleak areagotuz.
Ahalegin berezia egin zuten askok atzo ere dotoreziaren alde. Argazkiak lekuko eta kalabaza protagonista. Montesenekoen kuiak ikusgarriak ziren; «Gernika motako luze honek 45 kilo ditu, eta bestea forrajera esaten dioguna ere ez da makala» zioen Arantxa Iparragirrek. Forrajera izenari buruz galdetuta, Arantxak zioenez «lehen ez zen hemen kalabaza jateko ohiturarik, animalien bazkarako izaten zen eta hortik ote datorkion edo…» adierazi zigun. Esther Ilarramendik eta alaba Esther Insaustik ere apaintzeko kalabaza ezberdinekin oso muntai polita egina zuten, esponja deritzon eta eginkizun horretarako erabili daitekeen kuia barne. Patxi Arizmendik, berriz, tronpeta esaten zaion kuia mota ekarri zuen, kiloa 2,2 euroan. Detaile moduan lehen babarrun beltz eskukada ere umorez aurkeztu zigun, «otordu handirik egiteko adina ez ,baina ekarri, ekarri dut, denak landare bakarrarenak, besteak oraindik berde daude». Aurten lekale hau ere atzeratzen ari da.
Sari bereziak eman ohi dituzte atzoko egunez produktuen aurkezpenean erreparatuz; aipatutako Montes Etxekoez eta Patxi Arizmendiz gain, Edurne Jauregik eta Anttoni Murgiondok ere jaso zuten delako aipamen hori. Guk Axun Etxeberriaren postuari ere aipamen berezia egin nahi diogu, saski berezi batengatik: «Amak [Petra Otaegik] ekartzen zituen saski honetan barazkiak eta gainerako salgaiak feriara», azaldu zigun. Atzo, alaba Axunek dotore beteta bere postuan zuen oroimen kuttun hori.
Lehen nikaloak agertu dira, nahiz eta mikologia atala ez dagoen bere momenturik oparoenean. Lasak ekarri zituen, kiloa 20 euroan. Onddo klase ezberdinen artean lehen gaztainak ere ikusi genituen Lasaren postuan, Oiartzundik ekarriak, kiloa 4 euroan. Udare mota berria ere bai Altzagako Arantxa Lopategiren postuan; «jateko gozoa da, baina izena ez dakit ordea» aitortzen zigun.
Bete dira udako hutsuneak, txandaka-txandaka oporrak hartu dituztenak ere itzuli dira urteko lan martxara. Feria berezi honekin batera berriz ere etortzen hasi ohi den Jon Etxeberria erlezaina, aldiz, datorren astetik aurrera ikusiko dugu.