Legazpin, agorrean, albondigak ere erraldoi
Agorreko Santikutz jaiak ospatzen ari dira Legazpin. Gaur, 37. Sukaldaritza Lehiaketa egin dute. Tenacitas bikoteak egin ditu albondiga onenak. Erraldoien juntadizoa ere egin dute, bost konpartsa elkartuta.
Agorreko Santikutz jaien tarteko eguna ari dira ospatzen gaur legazpiarrak. Asteburu osoko egitaraua dute, eta gaur sukaldaritza lehiaketak erakarri ditu eguerdian begi-sudurrak, Azokako aterpean. 37. aldiz burutu dute gastronomia lehiaketa, eta 10 taldek edo bikotek hartu dute parte (elkartearen izenean nahiz partikularki).
Tenacitas taldeko Iban Najera eta Ander Ibarguren hautatu dituzte albondiga onenen egiletzat. Porroia eskuan, umorez hartu dute saria biek: “Lehenengoz irabazi dugu. Iaz etorri ginen lehen aldiz lehiaketara. Aurreneko albondigak asteazkenean egin genituen, eta gaur bigarrenak. Beraz, ikusten da edonork irabaz dezakeela, eta lasai parte hartu”, zioten biek. Hala ere, ez dute errezeta argitu: “Aurreko egunean juerga egitea”.
Bigarren saria Ane Gabiriak eta Izaro Urbietak lortu dute, eta hirugarrena Lekanazpi elkarteak. Partaideek albondiga erretilukada bana aurkeztu dute, 10 guztira. Epaile lanak Josema Azpeitia kazetariak, Idoia Lasa Mondragon Unibertsitateko sukaldariak eta Esteban Pinilla Burlatako sukaldaritza eskolako irasle eta txefak egin dituzte.
Lau arlori erreparatu diete epaileek, bereziki: “Aurkezpena eta forma batetik; txukun aurkeztua, albondigak erregularrak eta politak izan behar dira. Bestetik, saltsa oso garrantzitsua da: dentsoa behar du, ez likidoa, ez trinkoegia. Albondigen osagarri da saltsa, eta oreka eman behar dio platerari. Albondigen testura ere egokia den begiratu dugu; eta, azkenik, zaporea”, azaldu du Josema Azpeitia epaileak.
Honako partaideak izan dira gaur gastronomia lehiaketan: Amaia Bizkarguenaga-Xabier Agirre, Ander Burguera-Ainhoa Gonzalez, Iratzarri etxekoandre elkartea, Ane Gabiria-Izaro Urbieta, Legazpiko Pilota Eskola, Legazpi Musika Banda, Andraitz saskibaloi taldea, La Bellota extremadurar elkartea, Lekanazpi eta Tenacitas.
Erraldoien sei konpartsa
Bien bitartean, plazako eta kaleetako giroa erraldoiek girotu dute. Legazpiko konpartsa, Urretxukoa, Javier Bozalek egindako irudiak (Nafarroa), Añorgakoa (Gipuzkoa) eta Fragakoa (Huesca, Espainia) izan dira. 17 erraldoik osatu dute desfilea (13 handi eta lau txiki) dultzaineroek eta txarangek musikatua.
“Legazpiko erraldoien konpartsan sei irudi dauzkagu, baina gaur lau atera ditugu. 16 bat lagunek osatzen dugu taldea. Herriko festetan ibiltzeaz gain, deitzen diguten tokietara joan ohi gara, bazkariaren truke. Urterokoak izan dira Añorgara eta Urretxura irteerak. Aurten, Fragan ere egon gara”, zioen Legazpiko konpartsako kide batek. Fragakoek bisita itzuli diete gaur; katalana entzun da Legazpiko plazan, nahiz eta Aragoiko lurretan egon Fraga, katalanez mintzo baitira La Franja eskualdean.