Sugan taldearen lehen pausoak
Sugan taldearen lehen pausoen lekuko izan zen Goierriko Hitza, duela 15 urte. Zaldibiako Ardikiaren Kofradia ere orduan sortu zuten. Eta Lenbur fundazioak, elkarlanerako akordioa egin zuen Jaurlaritzarekin.
Makina bat musika talderen sorreraren eta agurraren lekuko izan da Goierriko Hitza hamabost urteotan, eta Beasaingo Sugan taldea izan da horietako bat. Loinatz musika eskolatik sortu zen laukoteak Gaztea irratiaren maketa lehiaketan parte hartu zuen, baita saria jaso ere.
Lehen garai hartan, Maria Amolategi, Garazi Zabaleta, Elixabet Bujanda eta Victor Sanchez ziren laukotea osatu zutenak, baina gerora Jon Eskisabel ere batu zitzaien. Hainbat urtez jarraitu zuten zuzenekoak eskaintzen, eta bi disko ere argitaratu zituzten, Sugan (2006) eta Malko Gorria (2008).
Asteburuan egin dute Ardiki Eguna Zaldibian, eta duela 15 urte ere, haren inguruko berri jaso zuen Hitzak. Hain zuzen ere, Ardiki Kofradia aurkeztu zuteneko albistea jaso zuen bere orrietan. Donostiako Gastronomika Elkartean egin zuten ekitaldia, eta kofradiaz gain, irudi berria ere aurkeztu zuten. Miel Mari Irastortza kofradiako kidearen esanetan, “mondejua ezagutaraztea, bere historia aztertzea eta komertzializatzen hastea” ziren elkarte sortu berriaren helburu nagusiak.
Bere aldetik, Lenbur Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin. Akordio horri esker, Mirandaolako bulegoa ITOURBASK Euskal Herriko turismo bulegoen sarean sartu zen, beste 70 bat bulegorekin batera. Koro Garmendia turismo sailburuordearen hitzetan, sare horrek bulegoen arteko komunikazioa hobetzeko balio du, eta “komunikazio horrekin turistari mesede” egiten zaiola azaldu zuen, “helburua, turista gurean ahalik eta denbora gehien egotea” baita.