Sansebastianak, Garingo auzoaren bizigarri
Auzolanean egindako festak dira Garingo sansebastianak. Auzoan geroz eta jende gutxiago bizi da, eta ez dago haurrik. Jaiak baliatzen dituzte Garini bizia eman eta Beasaingo protagonistak bilakatzeko.
Garin auzoa husten ari da, askok erabaki dutelako Beasaineko herrigunera jaistea. Mende hasieran hogeita hamar lagun inguru bizi ziren, baina egun dozena bat biztanle izango direla zenbatu du boteprontoan Iñigo Andreu auzotarrak, «eta haurrik ez dago», azpimarratu du. San Sebastian jaiak aprobetxatzen dituzte beraien nortasuna hauspotzeko eta Garin auzoa ahaztuta gera ez dadin.
Auzoko eliza San Sebastianen omenezkoa denez, urtarrilaren 20aren buelta aprobetxatzen dute festa egiteko. Asteburuan izango dira sansebastianak. «Urri-azaro partean hasten gara elkartzen. Urtero, gutxi gorabehera, egitarau berbera antolatzen dugu, eta dagoeneko puntua hartua diogu», azaldu du Andreuk. Auzolanean antolatzen dituzte festak, bakoitzak ahal duenarekin lagunduta. «Auzotarrentzat eta guztientzat antolatzen ditugu jaiak. Herrigunetik ere etortzen da jendea, bereziki Garinen jaiotakoak baina Beasainera joandako auzotarrak», gaineratu du Andreuk.
Larunbatean, festei hasiera emango dion suziriaren ostean, Muñogain elkartean bilduko dira bazkaltzera. Sabela bete ondoren, musean eta punttuan arituko dira. Gaztetxoek, aldiz, frontoian jolasak izango dituzte. Indarrak berreskuratzeko, gaztaina jana sagardoarekin edo txokolatea bizkotxoarekin izango dituzte.
Lasterketa, ekintza nagusia
Igandean, berriz, Goizeresi txistularien dianaren eta Beasaingo San Martingo abesbatzak girotutako meza nagusiaren ondoren hasiko da Garingo VIII. Mendi lasterketa herrikoia. «Lasterketa herrikoia dela diogu giro polita eta postuak eta denborak bost axola dien korrikalariek parte hartzen dutelako, baina irabaztera etortzen denik ere badago», zehaztu du Andreuk.
Sansebastianetako ekintza nagusia izaten da, 200 lasterkari elkartzen baititu: «300 dortsal banatzen ditugu. Duela bi urte denak banatu genituen, iaz gutxiago, eguraldi txarra egin zuelako», dio antolatzaileak. Iganderako, nahiz eta hotza iragarrita dagoen, aurreikuspenek diote ez duela euririk egingo. «Bidean pinuak ateratzen ibili dira eta lokatz asko dago», abisatu du Andreuk. Oraindik, izen ematea zabalik dago, hamabi euroren truke.
Aurten errepikatu egingo dute pasa den edizioko ibilbidea. Hala, auzotik hiru bider pasako dira lasterkariak: lehen itzulian Motea muinoa inguratuko dute; bigarrengoan Arriaran urtegiraino jaitsiko dira, eta hirugarrenean, itzuli luzeenean, Mailutz mendiaren magaletik Otañoko bordaraino joango dira, eta handik Garinera itzuli. Auzoko pasara bakoitzean anoa postua egongo da. Ibilbideak, denera, hamaika kilometroko luzera dauka eta 574 metroko desnibel positiboa.
Lasterketako irabazleek eskuz egindako garaikurrak eramaten dituzte etxera. Iñaki Andreuk egiten ditu sariak, eskuz. Emaztearekin batera hasi zen, eta alargundu arren, ohiturarekin fin jarraitzen du. «Urtero beste diziplina bat probatzen du: beira landu du, egurra, buztina… aurten paper-kartoizko sariak egin ditu», argitu du Iñigo semeak.
Aurtengoan korrikalari bat irudikatu du, mugitu egiten dena: «haurrentzako ipuinak izaten diren bezalako sari bat bezalakoa da». Sei sari egin ditu Iñakik, gizonezkoen eta emakumezkoen mailako lehen hiru lasterkarientzako bana. Halere, auzotarren eta herriko merkatarien borondateari esker ere izaten dira sari bereziak.
San Sebastian festak Josu eta Aiora trikitilariek borobilduko dituzte.