«Ez nuen gora iristeko asmorik. Lagundu eta irakatsi egin nahi nuen»
Mendiaren lehen urtea da profesional munduan. Emaitza onak ari dira pilatzen ligan eta kopan zortzi onenen artean sartu dira. «Ez dakit berriz halako aukerarik izango dudan».
Unai Mendia (Beasain, 1981) Ordiziako futbol entrenatzailea zen iaz hirugarren mailan. Egun Mirandesen dabil, bigarren mailan.
Nola sortu zen Mirandesera joateko aukera?
Uda honetan Andoni Iraolak bigarren entrenatzaile bat behar zuen, eta nitaz hitz egin zion bion lagun batek. Kafe bat hartzeko gelditu ginen eta hor hasi zen dena.
Iraola ez zenuen lehenagotik ezagutzen?
Egia da 17 urterekin Gipuzkoako selekzioan topo egin genuela, baina ez genuen elkarren arteko harremanik.
Zeintzuk dira bigarren entrenatzaile baten ardurak?
Lehen entrenatzaileari ahalik eta gehien laguntzea. Iraolak arerioen analisiak egiteko eskatu zidan, eta horretarako aurkarien azken bost edo sei partidak aztertzen ditut astean zehar. Ikusitakoaren arabera aurkarien indarguneak eta ahulguneak helarazten dizkiot Iraolari, eta berak erabili beharreko estrategia prestatzen du. Entrenamenduetan eta partidetan ere laguntzen diot, lau begik bik baino gehiago ikusten dutelako.
Gustura zaude bigarren entrenatzaile lanetan?
Hirugarren mailatik nentorren, eta hau beste mundu bat da. Jokalarien maila oso altua da, eta Andoni Iraolarekin asko ikasten ari naiz. Urte askotan izan da profesional, entrenatzaile asko izan ditu eta asko daki futbolaz. Amets bat da maila honetan lan egitea, izugarria da.
Lehen entrenatzaile izatea gustatuko litzaizuke?
Nahiko nuke, baina profesional munduan izenik ez dudanez zaila da talderen batek nigan sinestea. Etorkizunean aukerarik sortuko balitz ez nuke ezetzik esango, baina orain gustura nago Iraolaren alboan.
Nola hasi zinen entrenatzaile lanetan?
28 urtera arte jokatu nuen futbolean, baina belauneko lesio baten erruz utzi egin behar izan nuen. Futbola nire pasioa denez, futbol munduan jarraitu nahi nuen eta Beasaingo gazteekin hasi nintzen lanean. Ez nuen gora iristeko asmorik, laguntzea eta nire esperientziatik erakustea zen helburua, baina aukerak sortzen joan dira eta honaino heldu naiz.
«Kosta zitzaigun hastea, baina egoerari
buelta eman diogu eta oso bolada onean gaude»«Vila-reali irabazi eta gero etorriko da
Messi, Reala edo dena delakoa»
Lehen aldia da profesional maila ari zabiltzala. Alde handia dago?
Entrenatzailearen lana antzekoa da, baina denbora eta tresna gehiago ditugu. Lehen lana eta entrenamenduak uztartu behar nituen, eta orain egun osoa eskaintzen diot futbolari. Horri esker denbora gehiago dugu partidak prestatzeko, jokalariekin egoteko, instalakuntzak hobeak dira… Dena profesionalagoa da.
Nola egokitu zara talde eta maila berrira?
Kosta zitzaigun hastea, asko berriak ginelako eta azken unera arte ezin izan genuelako taldea erabat itxi. Halere, egoerari buelta eman diogu eta oso bolada onean gaude. Gainera jokalariek sinesten dute Iraolak eta biok futbola ikusteko dugun eran, eta gozatzen ari gara. Niri dagokidanez erraz moldatu naizela esango nuke. Mirandesera etorri aurretik talde askotan ibili naiz eta ohituta nengoen hutsetik hastera. Banituen nire kezkak ea nahikoa maila nuen, baina emaitzak onak direla ikusteak segurtasuna ematen dizu zure lanean.
Zer moduz bizi zara Mirandan?
Alokairuan bizi naiz, bakarrik. Oso lasai bizi naiz, eta gainera futbol zelaitik gertu. Beasain ere ordubetera dut, eta hori zortea da. Tarteren bat dudanean badut itzultzeko ohitura, familiarekin eta lagunekin egoteko.
Vila-real hartuko duzue gaur Errege Kopako final zortzirenetan. Zer sentsazio duzu?
Badakigu gu baina maila altuagoa dutela, baina etxean jokatzen dugunez estu hartzeko gai ikusten gara. Taldea ondo dago, eta Celta eta Sevilla kanporatu ditugunez sinestuta gaude Vila-real ere gainditu dezakegula.
Gipuzkoarra izanda nahiago zenuen Realaren aurka jokatzea ala konforme zaude Vila-realekin?
Inondik inora ez nuen uste duela hilabete batzuk egoera honetan egongo nintzenik, eta hortaz Vila-realekin oso konforme nago. Baina egia da honaino iritsita Bartzelonak, Real Madrilek eta Realak ilusio gehiago egiten zidatela. Azkenean ez dakit berriz halako aukerarik izango dudan. Baina tira, Vila-reali irabazi eta gero etorriko da Messi, Reala edo dena delakoa. Gainera, final erdietan bi partida jokatuko ditugu, eta lehen mailako zelai bat ezagutzeak ere motibatzen nau.
Taldean gipuzkoar asko zaudete: Iraola, Guridi, Merquelanz…
Euskaldunak dezente gara. Gipuzkoarrez gain bizkaitarrak ere badaude, eta elkarren artean euskaraz egiten dugu. Etxean egotea bezalakoa da, oso giro sanoa dugu aldagelan taldekide guztiok. Gorka Quijera kapitaina Hernanikoa da, taldean urte asko daramatza eta asko lagundu dit taldera egokitzen.