'Kaxkagorri' artzainaren unibertsoak Ataunen argi
Jexux Mendizabal 'Kaxkagorri' artzain zaldibiarraren mundua eta sentsazioak dokumental batean jaso zituen 2015ean Joxe Ramon Agirre 'Marron'-ek. Ataungo Herri Antzokian emango du bihar ikuskaria.
Kaxkagorri artzaina. Izenburu soil horrekin laburbildu du Joxe Ramon Agirre Marron-ek Zaldibiako Jexux Mendizabal artzainari eskainitako dokumentala. Pertsona bati buruzkoa da, Aralarko artzain batena. Sentimenduak, sentsazioak eta bakardadearen alegoria azaldu nahi dituena. Ataungo Herri Antzokian, bihar 19:30ean emango dute dokumentala, Atauniker kultur elkarteak antolatuta. Bertan izango da Marron ere. Hitzaurre bat egin ondoren, ikus-entzunezkoa jarriko dute, eta bukaeran solasaldia irekiko dute, «gaiak ematen du eta».
Marronek 2015ean ekoitzi zuen Kaxkagorri artzaina ikuskaria. 20 minutuko emanaldia da, «xumea oso», eta entzumenak egundoko garrantzia dauka: «Dena audioa da: ardiak, haizea, txakurrak, hegaztiak… Bakarrik bizi izan da Kaxkagorri Aralarko txabolan, eta bere bakardade horren unibertsoa azaldu nahi du dokumentalak, bere sentsibilitatea eta inguruarekiko ezagutza», aurreratu du Agirrek.
Garbi utzi du egileak lana ez dela artzaintzari buruzkoa, ezta pisten auzikoa ere; «ez dauka pistekin zerikusirik», zehaztu du Marronek. Pertsona da ardatza.
«Bakarrik bizi izan da txabolan. Bakardade
horren unibertsoa azaldu nahi izan dut»«Elkarrizketarik ez dago, nahiz eta ordu
asko grabatu nituen. Dena audioa da»Joxe Ramon Agirre ‘Marron’
Agirrek urte eta erdi igaro zituen Kaxkagorrirekin Aralarren, irudiak grabatzen. «Ez dago elkarrizketarik, bere bakardade hori jaso eta erakutsi nahi dugulako. Donostiako Rec estudioan egin zuten dokumentalaren muntaia, ondoren. «Lan handia eta polita da».
Ibilbide luzea egin du jada
Urteko sasoi guztietan hartu zizkion irudiak, eta material ugari dauka jasota: «Berarekin elkarrizketa asko, inguruko jende asko ere bai… Ordu pilo bat geneukan grabatuta, baina dena aparkatu dugu. Protagonismoa artzainaren beste alderdi bati eman diogu: bakardadeari, bere isiltasunarekin».
Munduan barrena asko ibili da dagoeneko dokumentala. Bilboko Mendi Film Festivalen sailkatu zen. «Hego Korean ere izan ginen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Mexikon, Polonian edota Katmandun ere bai, mendiko filmen jaialdietan». Donostian, Durangon eta Katalunian ere ikusia dute. Aurki, Andorran emango dute.
Goierrin ikusteko orain arteko aukera bakanetakoa Ataunen izango da, bihar. Kaxkagorriren Aralarren magalean.