Gaztetxe eta gazte-txokoak, egonkortzen
Legazpiko gazte-txokoak urtea bete zuen, eta harrera ona izan zuen gaztetxoen artean; 170 erabiltzailetik gora zituen ordurako. Beasaingo gaztetxean, berriz, hilabete batzuk lehenago okupatutako eraikina berritzen ari ziren, auzolanean.
Gaztetxeen mugimenduak lehenagotik ere indar handia zuen Goierrin, baina duela 15 urte, hainbat proiektu ari ziren martxan jartzen eta egonkortzen. Beasainen zortzi hilabete lehenago okupatu zuten Gaztetxearen lokal berria izango zena, eta auzolanean berritzen ari ziren eraikina. “Aisiari alternatiba bat aurkitu nahi genion lokal honekin”. Haien esanetan, udalarekin harremanetan jarri ziren okupatu aurretik, baina “adostasun batera iristen ez ginenez, gure aldetik etxe bat okupatzea” erabaki zuten. Kanpoko aldea garbitu, leihoak konpondu, pareta berriak egin eta hotzari aurre egiteko su bajua ere jarri zuten.
Legazpin, gaztetxoen artean erreferente bihurtu zen Gazte-txokoa, sortu eta urtebetera. 12 eta 16 urte arteko neska-mutilei aisialdi eskaintza zabala eskaintzen ziela jasotzen du garaiko kronikak, eta ordurako 170 erabiltzaile zituela zerbitzuak. Gazte txokoko arduradunek berriz, “herri mailan gazteen inplikazioa” bilatzen zutela azaldu zuten, “gizarteko arlo ezberdinetan parte har dezaten” bilatuz. “Eurek ekintzak proposatu, garatu eta antolatzeko ardura hartzea da helburua”.
Bestelako gaietan, Zaldibiako bederatzi hautetsi ohik Tolosako epaitegian deklaratu zuten, 2002an Hodei Galarraga herriko seme izendatu zutenean “terrorismoa goratu” izana eta “ondasun publikoen erabilpen okerra” egitea leporatuta. Auzipetuek Hitzari adierazi ziotenez, herrian eta “kultur mailan lan handia” egin zuelako eman zioten aitortza hura, eta ezbaian zegoen dirulaguntza “familiari laguntzeko” bideratu zutela. “Bere garaian gizalegez hartutako erabakia” izan zela azpimarratu zuen Jokin Zubeldia alkate ohiak.