Aralarren poetika, liburu
Landarlanek eta On etxeak ekoitzitako 'Aralar, mundua leku den lurra' ikuskariko irudiak eta zati literarioa argitaratu ditu Ereinek liburu batean. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel dira testugileak
Aralar, mundua leku den lurra proiektuak «borobiltzeko» falta zuen zutabea badu jada. Aralarko natura-balioak goresteko eta balioztatzeko helburuz, 2018ko urrian estreinatu zuten dokumentala. Pello Ramirezek beren beregi konposatutako musika zuen digipackean aparteko CD batean ere jasoa. Eta paperezko euskarrian atera dute orain, liburu eran eta izen berarekin. Landarlan ingurumen elkartea eta On Produkzioak etxea dira egileak, eta Erein argitaratzailea. Aurkezpena atzo egin zuten, Youtube bidez.
Liburuak 52 orrialde ditu, eta apaisatu forman, argazkiek eta testu poetikoek dute zentralitate osoa: bakoitian dokumentaletik hartutako fotograma-argazkia, orri osora; eta alboko bikoitian testu zatiak, hautatuak eta irudiekin bat datozenak. Ereinek 12 euroan jarri du salgai.
«Liburu honetan, plano edo fotogramak aukeratzerakoan, dokumentala egiterakoan erretinan geratutako irudietara jo genuen. Niretzat, dokumentalaren adierazgarri dira, eta horiek islatu ditugu liburuan», azaldu du dokumentalaren zuzendari Iban Toledok.
Ikuskarian ere aho-zapore gozoa utzi zuten eta barren ukitzaile ere bihurtu diren testuak Lorea Agirrerenak eta Idurre Eskisabelenak dira. Dokumentala banatuta dagoen atal teknikoen arteko zubi lana bete zuten pantailan, «beste hizkera, estilo, bide bat» jorratuta, Agirren esanean. Metafora emari handiz, emozioen eremura jo zuten, gizakiagan naturaren eta kulturaren korapiloak sortzen duen «tentsioa» islatzeko. «Testu politiko-poetiko bat da».
Espazio guztiak ez dira leku
Izenburuari dagokionez, nola dokumentalak, hala Ramirezen soinu-bandaren diskoak duten berbera mantendu dute liburuan ere. «Testuaren oinarrian dagoen gogoeta da espazioa eta lekua ez direla gauza bera. Jendok, espazioarekin lekuak egiten ditugu. Jende askorentzat, mendetan Aralar leku bat izan da, ez espazio bat. Harreman komunitario bat harilkatu da hor. Guk horren froga jaso dugu, eta sentipen hori badaukagu», azaldu du Idurre Eskisabelek.
Landarlan elkarteko kide Aloña Jauregik, dokumentalak izandako ibilbidea errepasatu du, ekoizpenetik hasita 80 emanalditik gora egiteraino. Europako Natura 2000 Sarietan finalisten artean dagoela gogoratu du. Ekain hasieran ebatziko da.
Liburua Aralarren gainean izan arren, esanahi eta aplikazio orokorragoa duela gehitu du Jauregik: «Nahiz eta oso lekukoa izan, testua oso unibertsala izan daiteke. Testugileek magia moduko bat egin zuten». Eskari ugariri erantzunez, irakurgai da.