Gazta, denen arteko proiektua
Idiazabal Jatorri Deiturak hazten jarraitzen du. Ekoizle eta ekoitzitako kilo kopuruek gora egin dute, historiako daturik onenetarikoak erdietsiz. Zalantzati hasi da aurtengo denboraldia, baina ekoizleak ez dira gelditu.
Garai onenen parera iritsi zen iazko kanpainan Idiazabal Jatorri Izendapena. Guztira, 1,5 milioi kilo Idiazabal Gazta ekoitzi ziren 2019an. Soilik duela hamar urte ekoitzi zen gehiago, eta 2013. urtetik ekoizpena goraka doa. Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren ibilbideak urtez urte hazkunde apalak baina progresiboak izan ditu, eta ez edozein preziotan. Artaldeen, artzainen eta gaztagileen kalitatearen eta ongizatearen alde egin du.
Gaztandegiak ere hazi egin dira, eta egun 124 dira, duela bost urte baino bost gehiago. Bereziki Gipuzkoan egin du gora eta jada 59 dira, horietatik 23 goierritarrak. Gaztandegietako arduradun asko gazteak dira gainera, eta atsedena horrenbeste merezi duten artzain beteranoenek erreleboa bermatua dute.
Izendapen jatorriak 2020a oraindik are urte hobea izateko aurreikuspenak zituen, marka guztiak ontzekoak. Aurtengo kanpainaren hasiera ikusgarria izan da: 2019ko gazta guztiak merkaturatu dira, esne-eskaintza baino eskari handiagoarekin.
Koronabirusak, baina, hazkundea errotik moztu du eta aurreikuspen guztiak airean utzi ditu. Osasun alertak eragindako bat-bateko murrizketa egoerak egoera zailean jarri du sektorea. Idiazabal Gaztaren ehuneko handi bat salmenta zuzenean merkaturatzen da, eta gaztandegi txiki batzuen kasuan, ia modu esklusiboan. Bi hilabetez erabat itxita egon den ostalaritzaren pisua ere oso garrantzitsua da sektorean. Eta esportazioak, pisu gutxiagoko adarra izan arren, lehen asteetan ia erabat desagertu ziren.
Lanak ez du etenik izan
Ordiziako Artzai Egunak, Idiazabalgo Gaztaren denboraldi bakoitzaren hasieraren urteroko ikurrak, ohiko topaketa jendetsuetatik eta zalapartatsuetatik oso bestelako irudiak utzi ditu. Baina Ordiziak eta Euskal Herriak ahalegin berezia egin dute osasun egoera zail honetan bertako nortasunaren ikurretako bati, artzaintzari, omenaldi berezi bat egiteko. Ospatzeko moduakoa da.
Egoeraren aurrean gaztagileen jarrera ere txalogarria izan da. Idiazabal Gazta denboraldia zalantzati hasi arren, beti eutsi diote lanari gelditu gabe. Sektoreari bi aukera besterik ez zaizkio gelditu: artaldeen ohiko ekoizpen-zikloan esku hartzea, esne-ekoizpena bertan behera utziz edo balio txikiagoko beste produktu batzuetara bideratuz; edo belaunaldiz belaunaldi jasotako lan eta bizitza ereduari eustearen eta konfiantza izatearen aldeko apustu sendoa egitea. Hainbeste artzain eta gaztandegiren artean, erantzuna ahobatezkoa izatea ia ezinezkoa da, baina denboraldi amaierako zerbakiek zer esango duten jakin gabe, sektoreak lan egitearen eta konfiantza izatearen aldeko apustua egin du.
Elkarlana, funtsezko
Birusak ez dio gaztagileen kolektiboari zuzenean erasan, eta lanean jarraitzeko aukera izan dute. Ingurune naturala zaintzen dutu, eta orain inguruak bere zaintzak itzultzen ditu.Erabat konfinatuta, esnea merkaturatzeko latxa ekoizleen elkarte bakarrak, Latxa Esnea kooperatibak, akordioa lortu du hurrengo kanpainarako prezioak mantentzeko. Gaur egun, inoiz baino gehiago, agerian geratzen da lan komuna, kooperatiboa eta elkarlanekoa funtsezkoa dela.
Saltoki txikiak Idiazabal Jatorri Izendapenaren produktuen alde egin du, eta herritarrek herrietako eta auzoetako denda txiki horiek mantentzearen alde. Udal asko, beste erakunde eta kolektibo batzuk elkarrekin harremanetan jarraitzea erraztearen aldeko apustua egiten ari dira, segurtasuna defendatuz eta, berriro ere, zirkuitu motzei balioa emanez.
Distantzia fisikoa gorabehera, bezeroak hurbil sentitu dituzte. Mendeetako historian zehar bezeroak herriguneetatik baserrietara igo dira gazta erostera, eta orain bidea alderantzizkoa izan da. Ahalegina handia izan da, baina herritarren erantzuna harrigarria izan da. Gaztagileei nekez ahatuko zaie etxeetako ateetan sentitu duten harrera beroa eta hurbiltasun konplizea.
Jasotako berotasunak lanean jarraitzeko indarra ematen die. Ez da erraza izango aurrera egitea, sektore eta gizarte gisa aurre egin behar izan zaion erronka zailenetarikoa delako. Halere, esan gabe doa, bezeroengandik hurbil egoteko bide berriak topatzeko konpromezua dutela gaztagileek.
Ia dena gelditzen zen bitartean, artzaintza egiten, jezten eta Idiazabal Gazta egiten jarraitu dute, betiko arretaz. Denboraldiaren hasiera ofiziala den Artzain Egunean bezeroei alboan jarraitzeko eskatzen die Idiazabal Sor Markak. Izan ere, inoiz ez du izan orain baino zentzu handiagorik gure elikagaien ekoizpena kalitatezkoa eta gure inguruarekiko errespetuz lotua guztion proiektu gisa ulertzeak.