Jatetxeetako etena nabaritu dute
Arrandegietako salmentak gora egin du Alarma Egoeran. Herritarrek otordu guztiak etxean egin dituztela ere nabaritu da. Jatetxe, elkarte eta jangelak itxita egon direnez, arrain batzuen prezioek behera egin dute.
Lehentasunezkoa izanik, arrandegiek ez dute jarduna eten Alarma Egoeran. Beasaingo Arrainki eta Arantzazu eta Lazkaoko Lorena arrandegietako arduradunek azaldu dute lan handia izan dutela, jatetxe eta beste hainbat establezimendu itxita egon direlako eta etxean egin dituztelako otordu guztiak herritarrek. Orain, bigarren fasean, egoera pixka bat apaldu da.
Gipuzkoako lonjak ere normaltasunez aritu dira lanean. Eusko Jaurlaritzak apirilean 1.600 arrantzale ingururi PCR testak egin zizkien, tartean Hondarribiko, Getariako eta Pasaiako kofradiei: «Bizkaian, Ondarroan adibidez egon ziren arazo gehiago, baina hemen, gu Pasaiara joaten gara, normaltasun absolutua izan da», azaldu du Lorena Soraluze Lorena arrandegiko arduradunak.
Genero aldetik, antzeko
Alarma Egoera antxoa garaia hasi zenean ezarri zen. Hasierako ezinegona, ezjakintasuna eta segurtasun neurriak direla eta, zailtasun batzuk izan zituzten, baina hirugarren astetik aurrera betiko barietatea izan dute: «Hasiera antxoa kanpaina hasierarekin tokatu zen eta ez zen egon», azaldu du Jose Luis Garmendia Beasaingo Arantzazu arrandegiko arduradunak.
Nabaria izan da etxealdia eta jendearen sukaldatzeko premia osasun larrialdia ezarrita egon denean: «Ikaragarri igo dira salmentak, jatetxeak, elkarteak edo jangelak, denak itxita zeuden eta etxean egin behar ziren otordu guztiak», esan du Soraluzek.
Prezioen gorabeherak
Normaltasunez aritu badira ere, zenbait produkturen prezioa jaitsi egin da Alarma Egoera dela eta: «Jatetxeak itxita egon direnez, zenbait produktu ere jaitsi dira, legatz handiak, esaterako», azaldu du Garmendiak. Izan ere, establezimendu horiek itxita egon diren bitartean, genero berezien eskaerarik ez da egon, eta prezioa jaitsi da.
Arrainaren prezioak ohiko egoera batean ere gorabeherak izaten ditu, Soraluzek azaldu bezala: «Egunero aldatzen da, ez da haragia bezala prezio nahiko finkoa duela, egunero egiten da enkantea». Egoera honetan, halere, bereziki aldatu da: «Nabariak izan dira prezioen gorabeherak: 5-6 euro kiloko diferentzia».
Hasierako ezinegona
Beasaingo Arrainki arrandegiko Maria Jesus Gonzalez Arteagak ere lan gehiago izan du jatetxeak itxita egon diren bitartean, baina egoera lasaitu dela azaldu du: «Dendak irekita daude, eta jendeak bi hilabetetan ezin izan duena erosi nahi du».
Maskara eta jeletara ohitu beharko dira herritarrak normaltasun berria delakoan. Maskara beharrezkoa da eremu itxietan edo bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa denetan. Gonzalezek jakinarazi du arazoren bat izan zutela higiene produktuekin hasieran: «Eusko Jaurlaritzak deitu zigun hartu beharreko neurriei buruzko jarraibideetarako, eta momentu horretan lortzeko zaila zen, baina bigarren astean arazorik gabe ekin genion».
Lau pertsonako edukiera jarri du Gonzalezek Arrainkin. Arantzazu arrandegian, berriz, aldiko bi pertsona sartzen dira: «Erosteko orduan denbora gehiago behar da maskararekin eta abar, baina ongi moldatzen gara». Garmendiak gehitu du herritarrak kontzientziatuta ikusi dituela, eta Lorena Soraluzek ere adierazi du egokitzapena positiboa izan dela: «Maskararena eta abar eman beharreko neurriak dira, orduan egoera honetan ez zaigu besterik gelditzen».
Beraz, gainerako lan arloetan bezala, segurtasun eta higiene neurriekin ari dira lanean Goierriko arrandegietan ere. Jatetxe, jangela eta elkarteak itxita egon direnean salmentek gora egin dute, eta hainbat produkturen prezioek gorabeherak izan dituzte jatetxeetako eskaera asko bertan behera geratu direlako. Pixkanaka normaltasunera itzuliko dira herritarrak, eta erosketak egiteko ere, poltsaz gain, maskara eta jela eraman beharko dituzte gainean. Baita arraina erosteko ere.