«Urte hasieratik eginda nituen planak, baina ezingo naiz joan»
Arrate Arbiza (Ordizia, 1990) Australian bizi da duela zortzi urtetik. Irakaskuntza ikasketak Filipinetan amaitu ondoren, gaur gaurkoz, irakaslea da Sydneyko haur eskola batean. Koronabirusak han ez duela horren indartsu jo eta nahikoa lasai daudela dio.
Zer moduz daramazu ?
Egia esan, nahiko ondo. Australian, beste herrialde batzuekin alderatuta, koronabirusak ez du horren indartsu jo. Lehen kasuak agertu eta gobernuak azkar hartu zituen neurriak. Birusa Europan hedatzen hasi eta segituan itxi zituzten jatetxeak, gimnasioak eta gainontzeko toki publiko guztiak. Horrek, hedatu dena baino gehiago ez hedatzen lagundu du.
Hartutako neurrien artean, konfinamendurik egin behar izan duzue?
Ez, ez. Hemen alde horretatik desberdin bizi izan dugu osasun krisia. Kasu oso zehatzetan bakarrik konfinatu behar izan du jendeak. Adibidez, osasun krisiaren erdian, beste herrialde batzuetatik bidaiatu dutenen kasuan. Nire pisukidea, juxtu, Hong Kong-dik bueltatu zen, eta berak bai, berroagealdia egin behar izan zuen. 15 egunez izan zen etxean.
Koronabirusak Australian izan duen hedapena jarraitu duzu?
Une honetan ez dakit esaten datu ofizialek diotena. Hau guztia hasi zenean, albisteak orduero jarraitzen nituen, batez ere, beste herrialde batzuetan gertatzen ari zena ikusita. Albisteek kezka handia sortzen zidaten, eta goizean triste esnatzen nintzen. Nire hobe beharrez, nahiago izan dut, distantzia pixka batekin jarraitzea.
Zu, irakaslea zara, eraginik izan al du zure laneko egunerokoan?
Lehen hezkuntzatik hasita, eskolak itxita egon dira. Nik haur eskola pribatu batean egiten dut lan eta ez dugu jarduera eten.
Segurtasun neurri berezirik hartu behar izan duzue?
Gobernuak neurriak hartzen hasi eta egia da haurren kopuruak nabarmen behera egin zuela. Kontua da gure ikasle askoren gurasoak, osasungintzan lan egiten dutela, medikuak eta erizainak dira asko. Ezinbesteko zerbitzu batean lan egiten dutenez, haien haurrak lehenetsi dira eskolan. Berdina gertatu, behar-beharrezko zerbitzuetan lan egiten duten beste gurasoen haurrekin ere.
Gauzak horrela, koronabirusa Australiara iritsi eta hasieran, bost haur baino ez nituen gelan. Horrez gain, gobernuak, diru laguntzak bideratu zituen familientzako. Eskola pribatua izanda ere, doako zerbitzua emateko.
Horrek guztiak, nire lanorduetan eragina izan du. Ohikoak baino ordu gutxiago egin dut lan, sei ordura jaitsi zizkidaten eta momentuz, horrela jarraitzen dut. Dena den, pixkana-pixkana ari dira haurrak eskolara bueltatzen, beraz, ohiko ordutegira bueltatuko naiz laster. Horrela dirudi behintzat.
Segurtasun neurri berezirik hartu behar izan duzue?
Hemen ere pixkanaka ari gara. Lehenik jatetxeek ireki ahal izan zuten, eta pertsona kopurua ere murriztu zuten. Ekainaren 1etik jatetxeetan elkartu ahalko diren pertsonen kopurua handituko da. Bestalde, bidaiatzen ere hasi ahalko dugu, baina norbere estatuan barrena.
Herritarrei probak egiten ari dira zu bizi zaren tokian?
Sydneyen adibidez, probak egiteko hainbat postu daude jarrita. Sintomak dituzten herritarrek bertan egin dezakete proba.
Zuk izan al duzu sintomarik?
Ez, ez. Beraz, ez dut probarik egin.
Orokorrean, nola erantzun du jendeak?
Arauak bete dituzte herritarrek, orain pixkana arintzen ari da eta jende gehiago ikusten da kalean. Baina hasieran oso arraroa izan zen. Nahiz eta konfinamendurik ez den egon, kaleetan jende oso gutxi ikusten zen, kirola egiteko aukera genuen arren. Europatik iristen ziren albisteek beldurra sortu dutela esango nuke eta horregatik, jendea etxean geratu da.
Ordiziako senitartekoekin eta lagunekin hitz egiterakoan, zein sentipen izan duzu?
Harrituta egia esan, haiei entzutea gogorra izan da. Baina, nahiko ondo egon dira, hala esan didate, eta eskerrak.
Bisitan etortzeko gogoz egongo zara?
Bai, baina momentuz ezin izango naiz joan, gauzak baretu arte. Urtean behin joaten naiz bisitan, baina aurten, ez dakit ahalko dudan.
Gainera, senitartekoak eta lagunak bisitatzeaz gain, bi ezkontza ditut, bi lagun oso onenak. Horietako bat, uztailean da ezkontzekoa, baina ekaina erdialdera arte itxarongo dute ezkontza atzeratu edo ez erabakitzeko. Urte hasieratik planak eginda nituen, baina ezingo naiz joan.