Abuztuan Goierrin 152 positibo atzeman dira, bost kasu eguneko
Apirilaren atzetik hilabeterik txarrena izan da. Abuztuan soilik lau egunetan ez da kasu berririk atzeman. Goierriko ia herri guztietan agertu da kasuren bat
Goierri mailan 152 COVID-19 kasu baieztatu dira abuztuan. Ia herri guztietan agertu da positiboren bat eta ia egunero: Altzagan, Araman, Ataunen, Ezkion eta Itsason, Gabirian, Mutiloan eta Zerainen izan ezik beste herri guztietan egon da kasuren bat eta soilik abuztuaren 1ean, 2an, 3an eta 6an ez zen gaixorik identifikatu. Lehen astean hamahiru kasu berri zenbatu ziren, baina azken astean 69.
Joera kezkagarria da: ekainean bederatzi positibo atzeman ziren, uztailean 95 eta abuztuan 150 baino gehiago. Osasun larrialdia hasi zenetik soilik apirilean detektatu zituzten kasu gehiago. Nahiz eta udaberri amaieran eguneko kasu berrien kopurua apaldu egin zen, bilakaera esponentzialki hazten ari da. Eguneko bost kasu berri atzeman dituzte abuztuan eskualdean, itxialdia amaitu zenetik daturik txarrena.
572 dira baieztatuko kasuak azken datuen arabera. Goierrik 500 kasuren langa abuztuaren 24an gainditu zuen. 10.000 biztanleko intzidentzia tasa 81,7 lagunekoa da Goierrin, Gipuzkoan baino handiagoa. 66,8koa da probintziako tasa.
Ordizia da herririk kolpatuena, eskualdeko gaixoen ia heren bat bertakoa baita. Abuztuan 40 kasu gehiago agertu dira herrian, beste inon baino gehiago. Abuztuaren 26a izan zen egunik gogorrena, kolpe bakarrean hamar positibo jakinarazi baitziren; Beasainen, abuztuan, 21 kasu agertu dira. Goierri Garaian ere hazi egin dira kasuak, Legazpiren, Urretxuren eta Zumarragaren artean 50 atzeman baitira hilabete bakarrean. Zumarragan 101 dira metatutako positiboak. Aipagarria da, era berean, Gaintzan, orain arte kasu bakar bat ere ez zegoela, abuztuan bi positibo agertu direla, Lazkaon zazpi, Legorretan bederatzi eta Zegaman hamahiru.
Kasuek gora egin arren abuztuan, Goierrin, ez da inor hil COVID-19ak jota. Datu orokorrek erakusten dute udaberrian baino jende gazteagoa kutsatzen dela orain, gazteen bizi ohiturengatik ageriagoan daudelako, baina beraien sistema inmulogokigoa indartsuagoa da. Eskualdeko zahar etxeetan ez dago kasu aktiborik Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera.
Zumarragako Ospitaleko abuztuko daturik ezin da jakin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez baititu datuak aletzen. Euskal Autonomi Erkidegoan 249 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 33 Zaintza Unitate Intentsiboan.
Joera, orokorra
Euskal Herriko erietxeetan COVID-19aren lehen kolpean baino lasaiago dabiltza. Halere, Hego Euskal Herrian martxoan baino hamar mila kasu gehiago atzeman dira abuztuan, zehazki, 18.076. Egun PCR probak egiteko ahalmen handiagoa dago eta, honi esker, kasu gehiago atzematen dira. Egunean egiten diren proben %6 inguruk ematen du emaitza positiboa.
Kasuen joera gelditzeko agintariek prebentzio neurriak zorrotz betetzeko eskatzen dute. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak osasun-larrialdi egoera ezarri zuen abuztuaren 17an behar izanez gero oinarrizko eskubideak mugatu ahal izateko. Hala, abuztuaren 18tik debekatuta daude hamar lagun baino gehiagoko topaketak, ostalaritza guneetan derrigor eserita kontsumitu behar da eta edukiera murriztuta dago eta maskara une oro erabili behar da, bereziki, segurtasun distantziak mantendu ezin direnean.
Tokian tokiko eta une zehatzetako itxialdia ere iragarri zituen Nekane Murga jarduneko osasun sailburuak, baina egoera ez da horren larria oraingoz.
Neurrien eragina nabaritzen ari da azken egunetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako birsorkuntza tasa txikitzen ari delako. Halere, azken datuen arabera, tasa batetik gora dago, eta horrek esan nahi du kutsatu kopurua hazten ari dela. Birsorkuntza tasak abuztuaren erdialdean jo zuen goia. Ikusteko dago udazkenean pandemiak zein bilakaera hartuko duen.