Txindoki taldeko Nora Tobar, bigarren Euskadiko Txapelketan
Pista irekiko txapelketan, altuera jauzian 1,61 metroko marka eginda lortu du zilarrezko domina ataundarrak. Irail bukaeran jokatuko den Espainiako Txapelketan dauka orain burua.
Aire zabaleko pistako Euskadiko Txapelketa absolutuan bigarren postua eskuratu du altuera jauzian Txindoki atletismo taldeko Nora Tobar atletak. Donostiako Anoeta mini estadioan larunbatean jokatu zen txapelketa. Zilarrezko dominarekin «pozik» dago ataundarra eta nabarmendu du «emaitzak hobetzeko, lanean jarraitzeko unea» dela. Izan ere, iraileko azken asteburuan, Sevillara bidaiatuko du Tobarrek, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa han jokatuko baita.
Denboraldiak amaituta beharko luke, baina aurtengoa zelebre joan da koronabirusak eraginda. Gauzak horrela, egutegia luzatu egin dela esan daiteke, eta asteburuan jokatu zen pista zabaleko Euskadiko Txapelketa. Ordiziako taldetik atleta bakarra izan zen, Nora Tobar. Euskadiko txapeldun izateko faboritoen artean zegoen ataundarra, eta finalean, 1,61eko jauzia eginda, bigarren geratu zen eta zilarrezko domina lepoan bueltatu zen etxera.
Atleta ataundarrak udako hilabeteetan egin duen txapelketa bakarra izan zen larunbatekoa eta adierazi duenez, «burua irailaren amaieran Sevillan egingo den 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan» jarria du. Anoetan jokatutakoak, «sentsazioak hartzeko balio» izan dio. Hurrengo asteetan, burubelarri ariko da lanean, «emaitzak hobetzeko». Izan ere, lehenengo postuetan geratzeko aukera handiak ditu. Iragan otsailean, 23 urtez azpiko Espainiako hirugarrena egin zuen pista estalian Salamancan, 1,71ko jauziarekin, klubaren errekor absolutuarekin.
Altamirako pista berria
Bestalde, Ordiziako Altamira estadioko azpiegitura berriak estreinatu ahal izan dituzte Txindokiko atletek, baita Tobarrek ere: «Abuztuaren erdialdean ireki zuten pista berria, eta altuera jauzirako koltxoneta iragan astean jarri zutenez, harrezkero hantxe ari naiz lanean, ederki geratu da!». OPSA, Obras y Pavimentos Especiales, S.A izan da lanak egiteaz arduratu den enpresa. Lanen hasierako kostua 278.975,10 eurokoa izan bazen ere, lanak egiten ari ziren bitartean aurkitutako hainbat arazok, azkenean kostua 77.989,77 € handitzea ekarri zuen.
Hasiera batean pistaren gainazala eraberritzea aurreikusi zuten, oinarriaren egoera ona zela ondorioztatu zelako. Berrikuntza lanak hasi zirenean ordea, okerren zeuden oinarriaren zatiak konpontzen hasi zirenean, tenperatura altuekin ikusi zen oinarriaren azpian hezetasuna zegoela. Hezetasun hori ur geruza txiki batek eragiten zuen, beroarekin lurrundu, eta gainean duen edozer altxatzeko indarra duelarik. Horregatik, azkenean, oinarria ere berritzea erabaki zen, pista oso-osoa eraberrituta.
Atletismo pistari dagokionez, In-situ deitzen den sistema erabili du OPSA enpresak. Pista lautu ondoren, material berria momentuan jartzen dute, eta ondoren margotu. Koloreari dagokionez, urdin kolorekoa da pista berritua, aurrekoak zuen gorria ordezkatuz. Ordiziako Udalak emandako azalpenen arabera, «Euskal Herriko eta kanpoko punta-puntako beste pista batzuk gertutik ezagutu ondoren sortu zen Altamirakoaren proiektua» eta Jon Ander Caballero kirol zinegotziaren hitzetan «Gipuzkoa osoan ez dago Ordiziako pistaren ezaugarriak dituen beste pistarik, eta horrek, une honetan Gipuzkoako erreferente bilakatzen du».
Estalkia, irailerako
Aldaketa nabarmenetakoa pistaren kolorea bada ere, beste berrikuntza deigarri bat ere izango du proiektuak. Txindoki atletismo klubeko kideek egindako aspaldiko eskaerari erantzunez, estalkia ere jarriko dute. Altamirako pistaren kokapena eta forma ikusita, estaliko duten gunea harmailen azpian kokatu dute. 45 metroko eremua izango da eta 2-3 kale hartuko ditu. Estalpe hau irailean amaitzea espero da.
Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat egokitu da pistako azken kalearen kanpotik, belar artifizialarekin pista osoa inguratuz. Horrez gain, luzera jauziko korridoreetako bat beste leku batera aldatu da, pisu gunetik gertu.