«Agortako festetan 600 lagun elkartzen gara Usurbe gainean»
Agortako festak iraileko lehen asteburuan izaten dira, baina aurtengoan ez da ekintzarik egingo. Juani Urretabizkaiak eta Enkarni Arrietak azaldu dutenez, «festarik ez egotea lasaitua da, baina pena ere ematen du».
Beasainmendi elkarteko kideak iraila hasieran lanez lepo ibiltzen zarete, baina aurten…
Juani Urretabizkaia: Ekainean egiten dugu festen inguruko lehen bilera, baina ordurako argi genuen Agortako festak egitea ezinezkoa izango zela.
Enkarni Arrieta: Antolaketa lanetan ibili diren auzotar guztiok afaltzera joaten gara festak amaitzen direnean. Hori ere ez dugu egingo. Esperantza bagenuen ea udan egoera lasaitzen zen eta gutxienez talde txikian elkartu gintezkeen, baina ez da garairik onena.
Nahiz eta jakina izan festarik ez zela egongo, erraza izan zen erabakia hartzea?
E. A.: Festarik ez egotea lasaitua da, lan asko egin behar izaten dugulako. Halere, aurtengoa 41. ekitaldia izango zen eta urtero lanak antzekoak izaten direnez, bakoitzak badaki zer egin behar duen.
J. U.: Egia da, baina pena ere ematen du. Badirudi zerbait falta zaigula.
Auzotarren artean antolatzen dituzue festak. Zenbat zarete?
E. A.: 65 lagun garela esango nuke, gutxi gorabehera.
J. U.: Kontua da gehiengoa adinean gora doala, eta gazteen laguntza behar izaten dugu. Festa antolatzen hasi ginenean jende gehiago bizi zen Beasainmendi inguruan.
E. A.: Ez pentsa. Egun dozena bat ume daude eta hutsik dauden baserrietara jende gaztea ari da etortzen.
Nolako giroa duzue bizilagunen artean?
J. U.: Oso ondo moldatzen gara.
E. A.: Bizilagunok urtean behin txango bat egiten dugu: Larrunera joan gara, Santimamiñe bisitatu dugu, upategietan izan gara…
Eta festan, zenbat lagun elkartzen zarete?
E. A.: Bazkaltzen 200 lagun baino gehiago elkartzen gara.
J. U.: Mendizaleekin datozenak, igoerako korrikalariak, arratsaldean etortzen direnak… Denera 500-600 lagun elkartuko gara.
Nolako festak izaten dira?
E. A.: Aste barruan zehar hasten gara prestaketa lanekin. Juani harakina izandakoa da eta bere lantegian 20 bat lagun elkartzen gara, gazteak eta ez horren gazteak, ontziak garbitu eta arrain zopa prestatzeko. Jendeak esaten digu oso ona egoten dela. Normala, barazki guztiak inguruko baratzetatik jasotzen ditugulako. Beste batzuek, bien bitartean, Agorreko belardia egokitzen dute, mendia baita eta txukundu beharra egoten da. Han goian ez dago ezer, eta argindarra jarri behar izaten da, aulkiak eta mahaiak eraman…
J. U.: Larunbatean mus txapelketa izaten da eta aitzakia horrekin antolaketa lanetan ibilitako denok elkartu eta afaria egiten dugu. Trikitiarekin festa ere egiten dugu. Ordu bata aldera lotara joaten gara, igandean, goizeko zortzietan, suziriak eztanda egin eta festa hasten baita.
E. A.: Beasaingo mendigoizaleek egun horretan egiten dute lehen irteera: Zumarragako Antiotik Beasainera etortzen dira Kizkitzatik barrena, eta ongi etorria ematen diegu mokadu batekin. Beasainmendiko igoera lasterketa ere jokatzen da, herri kirol erakustaldia egoten da, bertsolariak… Usurbeko puntan meza herrikoia ere egiten dugu. Eguerdian arrain zopa eta parrilan han bertan egindako saiheskia entsaladarekin eta piperrekin izaten dugu bazkaltzeko.
Denborarekin festa aldatu da?
J.U.: Hasieran dena gure poltsikotik jartzen genuen.
E. A.: Garai baten auzoko umeek goxoki postu bat jartzen zuten eta diru apur bat biltzen zuten. Orain pentsaezina da hori.
Auzotarren bat omentzeko ere baliatzen dituzue festak, ezta?
E. A.: Auzoko helduenari aitortza egiten diogu. Halere, ez errepikatzeko, txandaka egiten dugu.
J. U.: Aurten niri tokatzen zitzaidan. Pixka bat urduri nengoen, baina begira orain, batere gabe gelditu naiz.
Omenduari zer ematen diezue?
J. U.: Xabier Arrieta eskultorea auzoan bizi da eta berak egurrean egindako oroigarri bat banatzen dugu. Bertso bat ere egiten dute bertsolariek.
Omenaldia jasotzeko Beasainmendin jaiotakoa izan behar da?
J. U.: Gutxienez auzoan bizi behar da eta festen antolaketan parte hartu.