Juniorren Mundialaurrekoa Beasainen jokatuta, hasi da bi hileko karrera maratoia
Juan Ayuso promesak irabazi du Beasainen nazioarteko Gipuzkoako Klasikoa. Igandean bi lasterketa daude, Liernin eta Urretxun. Urriaren bukaerara arte ia astero dira Goierrin probak
Bukatu ohi zutenean, hasi. Joera horixe izango du aurten errepideko txirrindularitza denboraldiak. Iraileko hirugarren asteburuan agortu ohi ziren, iaz arte, euskal egutegiko karrera guztiak, normalean afizionatuen Zaldibiako Sari Nagusiarekin (ez da antolatuko). Aurten, oso bestelako itxura dauka guztiak. Irailean eta urrian ezohiko hilabetea Goierrin errepiderako kontzentratuko dira salbatu diren guztiak.
Lehengo igandean, abuztuak 30, nazioarteko talde eta txirrindulari junior saldoa elkartu zuen Beasaingo Mundialaurrekoak, ohi bezala: 29 talde eta ia 200 txirrindulari gazte. Gipuzkoako 26. Klasikoaren izena hartuta, UCI mailako karreran juniorrak lehiatu ziren, Loinatz elkarteak antolatutako 115 kilometroko ibilbidean. Lierni bi aldiz, Altzo eta 2. mailako Olaberria beste bi aldiz zituzten mendateak.
Juan Ayuso kataluniarrak (Bathco Team) irabazi du Gipuzkoako Klasikoa. Bartzelonan jaioa eta Alacanten bizi den promesak 18 urte irailaren 16an beteko ditu. Europako Txapelketetan, egun gutxi lehenago Frantzian jokatuak, erlojupekoan 5. eta errepidekoan 7. postuak atera zituen Ayusok. Espainiako txapeldun bikoitza da. Dagoeneko fitxa profesionala badu datorren denboraldirako, World Tour kategoriako UAE taldeak fitxatu duelako, afizionatuetatik pasatu ere egin gabe.
Olaberriko azken igoeran jo zuen eraso erabakigarria Ayusok. Beasaingo helmugan 14 segundo atera zizkion Pablo Carrascosa (Talavera) bigarrenari, eta 31 Enekoitz Azparren (Euskadiko Selekzioa) lehen euskaldunari.
Mendiko saria Azparrenek eraman du, bost mendateetatik lautan lehenengo postuan igarota. Podiumeko beste ziklistak, Carrascosak, lortu du tarteko helmugen saria, eta haren talde Ciudad de Talaverak ekipokakoa, bigarren Euskadiko Selekzioa eta hirugarren Nafarroako Selekzioa zirela. Euskal herritarren banakako sailkapenean, Azparrenen ondoren Igor Arrieta eta Iker Mintegi saritu dituzte.
Junior kategoriako goren mailako lasterketa lortu du, urte zailean izanda ere, Beasaingo antolakuntzak. Euskal Herriko 16 talde etxeko Ampo-Ikolan eta Bellota-Goierri barne, Frantziako 5, Portugalgo 1 eta Espainiako 7 erakarri ditu.
Igandean Liernin juniorrak
Besteetan ere irailean jokatzen den Lierniko Proba da egutegian hurrengo hitzordua, datorren igandean, irailak 6. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta, 39. ekitaldia izango du Liernikoak. Ohi bezala, juniorrentzat eta bi sektorekoa izango da.
Errepideko lasterketari 09:30ean ekingo diote, Lierni gainean (Mutiloara arte neutralizatuta). 55 kilometroko lana dute. Segura-Idiazabal-Ihurre-Ormaiztegi bira osatu, Lierni igo, eta jarraian Ergoenetik meategietara igoko dira. Gabiria aldera jaitsi, atzera Lierni gainditu, eta Zeraindik buelta eginda Mutiloatik gora Liernira iritsiz bukatuko da zatia, 10:50 aldera.
Ondoren, Lierniko probaren ezaugarri den erlojupeko kronoigoera jokatuko dute errepideko atalean sailkatutako lehenengo 40 ziklistek. Segurako bidegurutzetik Liernira, banaka eta minutuko tartearekin aterako dira. 11:45ean hasiko da.
Kadeteak Urretxun gero
Igande arratsaldean, beste laserketa bat izango da Goierrin: Urretxun, Amelio Mendijurren omeneko 37. Proba. Kadete mailakoentzat da, eta Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da.
Goierri Kirol Elkarteak 65 kilometroko etapa prestatu du, Urretxuko Labeaga kalean 16:00etan hasi eta 17:40 inguruan bukatu. Azkoitiaraino joan-etorria osatuko dute lehenengo. Bigarren erdian dituzte eguneko bi mendateak: Atagoiti lehenik. Legazpiko Motxorrotik igoko dute, eta Gabiria aldetik Ormaiztegira jaitsita, handik gora Eitzaga igo beharko dute jarraian, Urretxun helmugaratzeko.