Maskara, denentzat egunero
Lazkaoko San Benito ikastolak goizero ikasle bakoitzari maskara berria ematen dio, musukoaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta desberdintasunik ez eragiteko.
Lehen ere ez zen arraroa Lazkaoko kaleetan ikastolako ikasle taldeak paseoan ikustea, eskola-orduan, eguzki goxotan ikusmiran, kontutan eta oihu alaitan. Adin motzeko haurrak izan ohi ziren gehienetan, sokatik helduta; baita haur eskolako niniak ere, dozena erdi bat gurpildun sehaskan sartuta irakaslea bultzaka. Lehengo asteaz geroztik, ordea, egunero ateratzen da ikasle talderen bat, adinean aurreratuagoak gainera. 2020-2021 ikasturtearen eta berori baldintzatu duen COVID-19aren aurkako neurrien ekarpena da, ikastoletan 1960ko hastapenetako metodologia berritzailea gogora ekarri duena: aire librean eta ingurunean ibili, ikasketa iturri gisa.Bizikidetza edo burbuila taldeak dira. Beheko mailetan gela, goragokoetan maila. Lau hormen artetik irteteko beharra areagotu da San Benito ikastolan, ikasle kopuru handia tarteko. «Talde egonkor izatearekin, gertatzen ari zaigu gelan daudenean oso ondo moldatzen garela, baina atseden garaian eta, herriko guneak partekatzen ditugu. Txandakatuz hartzen ditugu gune ezberdinak, paseatzera joan…», azaldu du Josune Aranburu zuzendariak.
Kurtso hasiera, ondo
Gainerakoan, beste ikastetxe guztien neurriak dituzte Lazkaoko zentro bakarrean ere. Ikasturtea hasi dute jada ikasle guztiek, herenegun DBH3koak eta batxilerrekoak sartuta. «Oso ondo joan da hasiera, nahiz eta sute txiki batzuk itzali beharra izan dugun. Sarrera-irteerak nola izango ziren zalantza genuen, baina ondo moldatu gara. Ordutegi mailakatuak jarri ditugu,txandaka eta 10 minutuko tarteekin. Simulakroetan erabiltzen dugun protokoloa hartu dugu», gehitu du Aranburuk. Irakasleak atarira irten, gelakoei ilaran kopetan tenperatura hartu eta gelara igotzen direnean, egunero-egunero maskara berri bana eman eta jarrarazten diete ikasleei. «Artezkaritza Kontseiluan hartu zen erabakia, horrela ziurtatzen delako ikasle guztiek bere maskara garbia eta berria edukiko dutela egunero; eta gerta litezkeen desberdintasunak ekiditeko ere bai. Irakasleari ere segurtasuna ematen dio, bere burua eta ingurukoak babestuta daudela ziurtatzen baitu». Mila eta ehun ikasletik gora ditu San Benitok, nahiz eta maskara LHko 3. mailan eta hortik aurrera den nahitaezkoa.
Osasun koordinatzailea
Ohiko hezkuntza-ordezkari eta arduradunez gain, figura berria dute aurten ikastetxeek: osasun koordinatzailea. Osakidetzak izendatu ditu, eta eskualdeko eskolen zalantzak eta osasun gertaerak jasotzeko Goierri-Urola barrutirako bat hasi da lanean. «Pare bat edo hiru-bat kontsulta egin dizkiogu, zalantza kasuetan. 24 ordu baino lehen erantzun du, beti era onean eta laguntzeko», dio zuzendariak. Batez ere, PCR probak egitearekin loturiko zalantzak izan dituzte: irakasle batek etxean geratu behar badu hamar egunez PCR egiteko esanda, baja behar duen ala ez; edo ikasle bati proba egiten badiote, senideak joan daitezkeen ikastolara… PCRa sintomak dituelako egin badiote, familia osoak etxean gelditu behar du, negatibo eman arte. Baina positibo eman duen beste batekin egon delako bada,ikasle horren senideak etor daitezke. Hala ere, aholku orokorra etxean geratzekoa da, halako kasuetan daudenean. «Edozein momentutan ager daiteke positibo kasu bat. Familiak oso ondo erantzuten ari dira,eta edozein susmoren aurrean tutorearekin jartzen dira harremanetan. Eskertzekoa da familiak nola ari diren etxetik zaintzen», aitortu du Aranburuk.
Lasaitasuna, oinarria
Bai langileei, bai ikasleei eta bai familiei, lasaitasunaren aldarria helarazi nahi die zuzendariak.«Ikasleei ere bai. Hau beste gaixotasun bat da, eta behar duen kudeaketa behar du. Ez gaitezen estigmatizatzen saiatu. Positibo kasuak irits daitezke, eta iritsikodira. Baina lasaitasunarekin har-tu behar da. Ahal den neurrian,zeren urduritasuna ere naturala eta gizakiarena da. Lasaitasunez eta prebentzio neurriak errespetatuta, bi irizpide horiekin aurre egingo diogu». Dena da posible eta ziurgabea, ordea. «Hartutako neurriekin, ez dugu uste ikastetxe osoa itxiko denik. Baina etor daiteke egoera hori ere. Telematikoki lan egiteko ondo prestatuta gaude. Baina agertoki hori guk erabakitzea eskatzen dugu, daukagun ikasle kopuruaren arabera. Batxilergoan ratioaren mugara iristen ari gara, eta DBHn ere bai. Gelak oso beteta daude».