Auzolaneko kulturaren konplexutasuna aztergai izan dute Zerainen
Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroa egin dute Zeraingo elizan. Helburua auzolaneko kultura eta horrek izan ditzakeen erabilerak aztertzea izan da.
Euskal Herriko Unibertsitatearen uda ikastaroa egin dute Zeraingo elizan. ZerainLab elkarteak sustatutako eta Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat ikerlarik landutako ‘Auzolantzen’ proiektuan izan du oinarria ikastaroak.
Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikastaroaren zuzendariak azaldu du helburua auzolaneko kulturaren konplexutasuna aztertzea izan dela: “Auzolana gaur egun erabiltzen dena baino handiagoa da; gizartea eraikitzeko modu bat eta mundu ikuskera bat da”. Gehitu du “ardura kolektibo eta indibidualari lotuta” dagoela.
Auzolanaren ikerketa arloa aztertu ondoren, horrek landa eremuan eta eremu urbanoan izan ditzakeen erabileraz aritu dira balio sisteman eta kultura politiko eta sozialean oinarrituta: “Ikusten da joera urbanoak antzerakoak direla eta auzolana egokia dela, baina badaude desberdintasun batzuk”. Balio orokorrak, errespetua adibidez, bi eremuetan nabarmentzen dira. Herri txikietan, halere, lasaitasuna, naturarekiko harremana, elkarlana eta konfiantza bezalakoek garrantzia handiagoa dutela ondorioztatu dute.
Landa eremuko herri txikien garapena ere izan dute mintzagai auzolana eta ikerketaren ondorioak ardatz izanik.