Alerta gorria, kulturaren etorkizuna jokoan dago
Kultur ekitaldiak antolatzea zaildu du koronabirusak eta sektorea larri dago. Oianguko After Sun Fest jaialdiko kideek izandako zailtasunak azaldu dituzte. Duela minutu gutxi jakinarazi dute jaialdia bertan behera gelditu dela.
Zerura begira daramate aste osoa After Sun Festaren antolakuntzan lanean dihardutenek. Eguraldiaren iragarpena ez da batere ona, euria eman du larunbaterako, eta hala bada behintzat, egun horretan Oiangun egingo zatekeen festarako ez da aproposena, horregatik, ekitaldia bertan behera geratzea oso posible dela jakinarazi dute. Baina egingo den ala ez, bigarren plano batean utzita, koronabirusaren aro honetan, horrelako jaialdi bat antolatzeak nolako lana suposatzen duen kontatzeko aprobetxatu dute Ordiziarock-ekoek, eta bide batez, kultur arloan lan egiten duten pertsonek momentu honetan COVID-19a dela eta, ekitaldiak antolatzeko dituzten arazoak azalera atera dituzte.
Koronabirusagatik, protokolo oso-oso zorrotzak betetzera behartuta daude kultur ekitaldien antolatzaileak, zeinak asko konplikatzen duen lana. Gauzak horrela, ekitaldi mordoa geratu dira bertan behera eta kontuan izan behar da, sektore horrek familia askori jaten ematen diola.
Kulturari butzadatxoa eman nahian, hilabeteak eman dituzte lanean After Sun Festaren bigarren ekitaldia antolatzeko, Ordiziarock Ekintzak taldeko kideak eta Krea Energia, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, uste dutelako, «inoiz baino gehiago kulturak laguntza» behar duela.
After Sun Festaren antolakuntzak azaldu duenez, «publikoa kokatzea izan da zailtasun handienetakoa». Izan ere, «pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gorde behar da, eta azkenean, partzeletan eta mahaietan antolatzea zen asmoa». Baina hori bakarrik ez, beste gauza asko ere kontuan hartu behar dira horrelako jaialdi bat prestatzerakoan, eta gehiago, COVID-19a mehatxua denean: «Segurtasun protokolo bat prestatu dugu non zehazten den egun horretan bete beharreko jarraibide guztiak». Publikoa nola kokatu argitzen duten planoez gain, zehaztuta dituzte sarrera-irteerak nola antolatu, hidrogelaren eta maskarilen erabilpena derrigorrezkoa dela, antolakuntzako kideen lana, baita ordainketak nola egin, besteak beste: «Ordiziako Bainosky Design-ekoek, edari eta janari zerbitzurako QR kodigo bidezko sistema bat sortu digute, horrela, ikusleak tabernan elkartu ez daitezen eta eserita dauden tokitik, edatekoa eta jatekoa eska dezaten, eta gainera, dirua eskuetan ez ibiltzeko, ordainketak, telefono aplikazio desberdinen bidez egitea genuen pentsatuta».
Guztia antolatzea, «ez da batere erraza izan, oztopo handiak» izan dituztela nabarmendu du, «COVID-19a baino lehen genituenak baino askoz ere gehiago». Uste du, «kultur arloa begiz jo» dutela, eta ez dela oso justua gertatzen ari dena.
Babesa
Hain zuzen ere, kulturaren sektorea zaurgarritasunagatik sortu zen Alerta Gorria mugimendua. Estatu mailan koordinatua, Euskal Herrian ere badu presentzia eta azken asteetan, asko dira mugimendu horren aldarrikapenekin bat egin duten herritarrak sare sozialetan eta kaleetan.
Horrelako mugimenduen «beharra» ikusten du jaialdiaren antolakuntzak, «sektoreak bizi duen egoera gizarteratzea behar-beharrezkoa baita».