«Bidasoa da protagonista, ibaiak gorde du gertatuaren memoria»
Tene Mujika Bekarekin 'Bidasoan gora' liburua argitaratu du Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976). Ibaia oinez igota, hango istorioak, gertakariak eta testigantzak eleberritu ditu.
Laugarren liburua duzu Bidasoan gora.
Bai. Aurretik hiru nobela beltz nituen argitaratuak Erein argitaletxearekin. Bidasoan gora, berriz, Elkarrek argitaratu du irail hasieran, argitaletxeak Debako Udalarekin batera antolatzen duen Tene Mujika beka dela eta. Euskal Herriaren historia hurbila aztertzeko beka hori eman zidaten lehiaketara proiektua aurkeztu eta gero. Urtebeteko epea izan dut liburua ontzeko.
Aurreikusitako bidea egin du, urtebete honen buruan?
Gustura geratu naiz egindako lanarekin. Jakina, gero irakurleak esan beharko du liburua gogoko duen edo ez. Bidasoa ibaian gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna da. Bidean galdutakoen, arrotz etorri eta arrotz joandakoen arrastoan egindako ibilbide baten kontakizuna. Izan ere, askotan aditu dugu nondik datozen badakitelako dituztela batzuek oinak lur honetan. Nora doazen badakitelako, berriz, beste batzuek. Gutxiagotan aipatzen dira, ordea, historiaren ur zurrunbiloak irentsitakoak, ahaztuak, bide bazterrean geratutakoak.
Kasu honetan, ibaian gertatutako kontuak. Zein, adibidez?
Oinezkoa bidean galdutakoen arrastoaren atzetik abiatzen da Bidasoan gora. Iragan idealizatutik eta nostalgiatik harago, nahiz ez jakin noraino eramango duen ibaiak sigi-sagan. Hor agertuko dira migratzaile portugesen eta iheslari juduen kontuak, Mikel Zabaltzaren eta Eduardo Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, Barojak eta Aitzolek 1936ko gerran ihesi zihoazela topo egin zuteneko pasadizoa, Zigatarren Bertizko paradisu galdua eta beste hainbat kontu, guztiak ere Bidasoa ibaiarekin lotuta daudenak aldez edo moldez. Azken batean, Bidasoa ibaia da kontakizunaren bizkarrezurra, ibai hondoko hainbat jende, gertaera eta istorioren bilgunea.
Bidasoak esanahi handia du, zentzu askotan. Zenbat istorio ez ote dira gertatu han?
Bai. Haietako asko ezezagunak dira, gainera, jende askorentzat. Esaterako, migratzaile portugesek Bidasoaldeko mugan barrena ezkutuan egindako zeharkaldiak; antzekotasun handiak baitituzte afrikar migratzaileek gaur egiten dituzten ibilbide klandestinoekin. Bitxia da, migratzaile portugesen zeharkaldiak ez dira aspaldiko kontuak, 1960ko eta 70eko hamarkadetakoak baizik. Baina irudi luke kontu horiek ibai hondoan geratu direla betiko loak hartuta. Hori dela eta, liburuaren bidez ur azalera atera nahi izan ditut haien ibilerak eta pasadizoak.
Garai ezberdinetako istorioak daude. Nola uztartu dituzu?
Ibaiadarren urak ibaiaren ur emarira nola isurtzen diren, hala bildu ditut garai diferenteetako istorioak kontakizun nagusiaren emarira. Bidasoa ibaia da ardatza, bera izan da istorio guztien lekuko isila, berak gorde du gertatutakoaren memoria.
Dokumentazio eta prestaketa lan handia eskatu dizu?
Egia esan, bai. Oinez egin nuen Bidasoa ibaiaren bokaletik, Txinguditik, Xorroxingo iturbururainoko bidea. Aurretik, dokumentazio lana egin nuen: liburuak leitu, galdezka ibili. Behin lan hori eginda ekin nion bideari, baina ez nuen aurretik erabat prestatuta zer egingo nuen. Ibaiari utzi nion, bere bidetik sigi-saga, ni eramaten. Bidean ere hainbat jende elkarrizketatu nuen, adibidez portugesen pasatzaileak. Mikel Zabalatzaren eta Eduardo Lopezen familiek ere eman zidaten informazioa. Lopez 1995ean ETAk hil zuen polizia bat zen, hain justu, Mikel Zabaltzaren gorpua Endarlatsan agertu zen lekutik 100 metrora eta 10 urte geroago. Bi gertaera hauek oso esanguratsuak iruditu zaizkit. Bitxia da ohartzea batzuek badakitela zer gertatu zen 100 metro gorago, eta ez dakitela zer gertatu zen 100 metro beherago. Eta beste batzuei, berriz, alderantzizkoa gertatzen zaie.
Asko aldatu al da aurretik ikusitako istorioa eta bertan bizitakoaren kontakizuna?
Nire ikuspegia aldatu duela esango nuke. Aurretik banituen ideia batzuk horren eta beste hainbat gertakariren inguruan. Baina ibaian gora ibili eta jendearen lekukotasunak entzun ahala, horrek gauzen ikusmoldea aldatzen du, nahitaez. Nire asmoa ez zen aurretik nituen ideiekin abiatu eta horiekin berekin iristea helmugara; ea ibaiak eta ibai hondoko jendeek zer eragingo zuten nigan ikustea baizik. Eta bilakaera bat izan da hor.
Bidasoa ospetsua bada. Baina, aldi berean, ezezagun izaten jarraitzen du?
Gertakari batzuk ezagunagoak dira beste batzuk baino. Lehen aipatu dudanez, oraindik ere oso gutxi dakigu migratzaile portugesen istorio beltzez. Ez dakigu zenbat migratzaile hil ziren Bidasoa gurutzatu nahian. Euskal herrietan jendeak badaki makina bat migratzaile afrikar hiltzen direla Gibraltar zeharkatzen, baina ez daki orain dela 50-60 urte eskas, etxe ondoko ibaian migratzaile asko hil zirela muga gurutzatu nahian.