Dena berdin, dena ezberdin
Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea akatsa dela dioten arren, Beasaingo hezkuntza komunitateak lehengora itzuli nahi du. Ongi egokitu direla diote, eta aurrez aurreko klaseei ikasturte osoan eusteko esperantza dute.
Irakasleak eskolako korridore luzeari begiratzen dio eta dena berdin ikusten du, baina paisaia goitik behera aldatu denaren sentsazioa du. Martxotik ekainera arteko amesgaiztoa oso erreala izan zen, gogorra eta luzea, eta ez du itzuli nahi. Irailetik aurrerako klaseek, kosta ala kosta, aurrez aurrekoak izan behar dute, talde lana, parte hartzea eta euskara oinarrian dituztela. Nola lortu oreka? Nola egokitu dena testuinguru berrira guztiak lehengoa izaten jarraitu dezan?
Hezkuntza komunitate osoa erantzunaren bila dabil. Horixe da gakoa, Graal Santua. Denak bide onetik doazelakoan daude, eta datuek berretsi egiten dute: Beasaingo Andramendi Ikastolan eta Murumendi Eskola Publikoan ez da klaserik eten behar izan. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek ikasturtea hasi zutenetik ia hiru aste pasa dira, eta hasierako kezkak, ezjakintasunak eta zalantzak atzean gelditzen ari dira eta abiadura hartzen ari dira. «Iraila behatzeko hartu genuen, urritik aurrera eman beharreko laguntzak egituratzeko», dio Agurtzane Agirre Andramendiko orientatzaileak. «Itxialdian, egia esan, ikasleen jarraipena handia izan da, baina bidean formakuntza asko galdu da. Hizkuntzaren kasua, esaterako». Klaseak ikastetxean eman behar direla argi dute. «Askoz hobeto gaude eskolan. Eskolaren ingurune naturala hau da, eta didaktikaz dakigunak gu gara. Sentitzen dugu gurasoengan ardura asko utzi direla, baina bakoitzak bere rola du. Gure esku dagoen dena egingo dugu eskolak zabalik ahalik eta denbora gehien mantentzeko», erantzun du Karmele Arraiza Murumendiko zuzendariak. «Betiko hezkuntza berdinarekin ezin dugu itsutu. Ez gara berdinak, inor. Ezin da ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Egokitu egin behar gara, argi eta garbi», borobildu du Itziar Flores Andramendiko Haur Hezkuntzako koordinatzaileak.
Ikastetxera sartzeko tenperatura hartu behar diete aurrena. Inork ez du sukarrik eta denak sartu dira, mailakatuta eta banan banan, bere gelara. Klasean sei urtetik gorako edonork maskara une oro eraman behar du. «Maskara eta garbitasuna erraz aplikatzen diren neurriak dira. Ikasleen arteko distantzia mantentzea zailagoa da, elkarren arteko interakzioa beharrezkoa delako», dio Mariaje Izagirrek, Murumendiko ikasketa buruak. «Haurrek haurrekin egoteko beharra zuten. Gozatzen ari dira», baieztatu du Floresek. Lagunekin jolas egiteko aukera dute orain, distantziak distantzia itxialdian baino gertuago daudelako. «Ikasleek badakite zer ari den gertatzen eta erraz barneratu dituzte arauak», nabarmendu du Arraizak.
Kalea, ikasgela
Klase batzuk kalean egiten dituzte, eta barruan direnean leihoak irekita izaten dituzte. Egoera berrira egokitzeko zailtasun handienak, Ikastolaren kasuan, ekonomikoak izan dira. «Administrazioak dena gure gain utzi du. Egin beharreko egokitzapen guztiak, erosi beharreko materiala, kontratazioak… gure poltsikotik egin ditugu». Eskola publikoko arduradunentzat, berriz, zailtasun handiena marko pedagogikoa behar berrietara moldatzea izan da.
Etxera joateko ordua heldu da eta bozgorailutik noiz joko zain daude ikasleak. Ziztu bizian irtengo ziren garai batean, baina egun neurriak atsedenik gabe betetzea garrantzitsua da. Kanpoan batzuek gurasoek dituzte zain, hauek ere sakabanatu xamar. Egoera lasaia da: «Klasera itzultzeko protokoloa ekainean sortu genuen eta gurasoek bazekiten zer topatuko zuten lehen egunean. Ikusten dute lanean ari garela eta neurriak betetzen direla, eta horrek segurtasuna ematen die», arrazoitu du Agirrek. Murumendin egun hauetan ari dira gurasoen eta tutoreen arteko batzarrak egiten, eta lasaiago irteten direla nabaritzen dute. «Gurasoek lehen egunetan galdera asko zituzten. Gu ere ikasten eta protokoloak hobetzen ari gara, eta zalantzak argitzen dizkiegunean eskertzen dute», aipatu du Izagirrek. «Teknologia berriei esker zuzeneko harremana dute gurasoek eta tutoreek. Elkarren arteko harremana estua da», gaineratu du Arraizak.
Batzuk autobusean joango dira etxera, eta beste batzuk jangelan bazkalduko dute. Bi ikastetxeetan eskaintzen dituzte zerbitzu osagarriak, eskaria handia delako. «Aurreko urteetan bezalakoa», kontatu du Agirrek. «Oinarrizko zerbitzuekin hasi gara, jangela eta garraioa. Erronka handia da klaseetako burbuilak mantentzea, baina lortzen ari gara. Gainerako zerbitzuak eskaini aurretik, garapena nolakoa den ikusi nahi dugu», nabarmendu du Arraizak.