Lanbide Heziketa ere martxan
Lanbide Heziketako ikasleak izan dira martxan jartzen azkenak. Goierriko bi ikastetxeetan ere, Goierri Eskolan eta UGLEn, segurtasun neurri guztiak hartuta lan egiten ari dira.
Lanbide Heziketa hezkuntza sistemako zutabeetako bat da eta hau ere martxan da dagoeneko. Goierrin bi ikastetxe daude: Goierri Eskola eta UGLE. Joxe Mari Alkorta Goierri Eskolako Komunikazio arduradunak, Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak eta Xabier Txurruka UGLE eskolako zuzendariak hasi berria den ikasturteari buruz hitz egin dute.
Hezkuntza sailak hasiera mailakatua agindu zuen. Lanbide Heziketan hiru maila daude eta bakoitza egun batean hasi zen: joan zen astean goi mailakoak eta Batxilergokoak hasi ziren eta aste honetan erdi mailakoak hasi dira. Datorren astean oinarrizko Lanbide Heziketakoak hasiko dira.
Datorren astean ikasle guztiak zentroetan egongo dira, beraz. Goierri Eskolan ez dituzte sarrera-irteerak mailakatu behar izan, eraikin eta sarrera asko baitituzte. «Ikasle guztiak ez dira eraikin bakar batera sarbide bakar batetik sartzen. Hori bai, atseden uneak mailakatu egin ditugu atseden uneetan talde handiak sortu ez daitezen».
Eraikinen barruan ere hainbat neurri hartu dituzte. «Uztaila aldean ikasleak ikastetxera etorri ziren eta eraikin guztietan norabide bakarreko zirkuituak osatu behar izan genituen, elkarrekin gurutzatu ez zitezen. Oraingoan ez dugu halakorik egin behar izan, baina pasilloetan eskuinaldetik joan behar dira. Bestalde, talde handiak gela handiagoetara pasa ditugu. Horretaz gain, tenperatura hartzen dugu, gela erabiltzen dugu, gelak garbitzen ditugu…».
Alkortak erronka nagusia ziklo industrialetako lan praktikoetan dutela esan du. «Orain arte ikasturte hasieran arlo teorikoa lantzen genuen eta ondoren praktikak hasten ziren. Ikasturte honetan, pandemiak zein bilakaera izango duen ez dakigunez, hasiera-hasieratik arlo teorikoa eta praktikoa lantzen ari gara, beti ere segurtasuna bermatuz».
Ikasleren batek positibo ematen badu nondik nora ibili den jakin ahal izateko, guztiek toki finko bat dute teoria eskolak hartzen dituzten geletan. Makinetatik ikasle asko pasatzen direnez, guztiek makinak garbitu behar dituzte erabili ondoren.
Enpresetan egiten dituzten praktikei buruz, koronabirusak eraginik ez izatea espero du. «Gehienek praktikak ikasturte amaieran egiten dituzte. Praktikak irailean hasi dituztenek, normaltasunez hasi dira. Zenbait enpresen egoeran aldaketak egon dira, baina oraingoz guztiek praktikekin jarraituko dute».
Hau guztia kudeatzea ez dela batere erraza dio. «Lehengo zereginei beste batzuk batu zaizkie. Une oro horren gainean egon beharra dugu. Une batetik bestera gauzak aldatu egiten dira eta, ikasle eta irakasle asko ditugunez, ez da erraza hau guztia kudeatzea».
Zorionez, oraindik ez dute intzidentziarik izan. Baina badakite ez dela ikasturte erraza izango. «Agertoki ezberdinen aurrean aurkitu gaitezke. Agertoki horiei aurre egiteko prestatu gara. Baina honek guztiak eragina izango du, noski».
Administrazioa ere ahala dena egiten ari dela dio. «Egoera hau ez da ohikoa eta bakoitzak, bere esparruan, ahal duen ondoen egiten du».
Ikasleak «ondo» ikusten ditu. «Pertsonen arteko harremana egoera berri honetara egokitu behar izan dute, baina beraien jarrera oso positiboa da. Hartu beharreko neurri guztiak barneratuta dituzte eta ez gara arazorik edukitzen ari».
UGLE eskolako arduradunak ere gustura ageri dira. Beraiek ere hainbat neurri hartu dituzte koronabirusaren hedapena saihesteko. UGLEk hainbeste eraikin eta sarrera ez dituenez, sarrerak eta irteerak mailakatu egin ditu. Baita jolastorduak ere. Ikasleak hiru taldetan banatu ditu eta talde bakoitzak bere ordutegia du.
Horretaz gain, eraikinera sartzen diren guztiei tenperatura hartzen diete. Norbaitek sukarra izango balu, etxera bidaliko lukete.
Ikasleak gelara sartzen direnerako, gelak desinfektatuta daude. Gainera, ikasleek eskuak garbitzen dituzte sartu aurretik. Bestalde, Goierri Eskolan bezala, ikasleek toki finkoa dute geletan eta tailerretan. «Kasuren bat azaltzen bada, non eta norekin egon den jakin beharra dugu», aipatu du Txurrukak.
Arratibelek ikasturtea «ondo» hasi dutela dio. «Ez dugu intzidentziarik izan, baina datorren astean oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak hasiko dira eta ikasle asko egongo dira. Adi egon beharra dugu eta protokoloak bete behar ditugu».
Honek guztiak hezkuntzan eragina ez izatea espero dute. «Telematikoki lan egitea esperientzia ona izan zen ikasgai eta maila batzuetan. Baina ikasgai praktikoak telematikoki ematea askoz ere zailagoa da. Bertan lan egitea eta simulatzaile bat erabiltzea ez da gauza bera. Aurrez aurre lan egiten saiatuko gara. Ea egoerak posible egiten duen. Gorabeherarik ez badago, enpresetako praktikak ere inongo arazorik gabe egingo dira. Udaberrian enpresak itxi egin ziren, baina oraingoan ez dut uste halakorik gertatuko denik».
Administrazioaren lana
Administrazioaren lanari dagokionez, Txurrukak «ahal izan dutena» egin dutela dio. «Egoera oso zaila da guztiontzat. Ahal dutena egin dute eta errekonozimendu bat merezi dute. Hobeto egin daitekeela? Noski, baina okerrago ere bai. Egoera hau guztiontzat berria zen eta ezjakintasunetik lan egitea oso zaila da. Eta asmatzea, are zailagoa. Egun batetik bestera aldatzen den egoera bat koordinatzea ez da batere erraza. Zerbitzu bat bermatu nahi duzu, baina osasuna ere zaindu behar duzu… lan hori egitea oso zaila da».
Aginduak batzuetan oso orokorrak izan direla diote, baina ulergarria iruditzen zaie. «Eskola bakoitzak bere berezitasunak ditu eta agindu horiek gure egoerara egokitzen jakin behar dugu. Batzuk zehaztasun gehiago eskatzen zuten, baina eskola bakoitzak bere errealitatea du. Irakasle gehiago, gela gehiago… nahi genituzke, baina horretarako diru asko behar da».
Arratibel iritzi berekoa da. «Ikastetxe guztiak arau orokor batean sartzea ez da erraza. Malgutasuna egon behar da eta moldatzen jakin behar da. Gure kasuan, HETEL elkartearen ekarpenarekin, gauzak doitzea lortu dugu».
Ikasleak «ondo» ikusten dituzte. «Ikasturtea hasteko gogoa zuten. Egoera hau beraientzako ere ez da erraza eta etorkizun on bat izateko bide bakarra ikastea da», amaitu du Arratibelek.