Udazkena gozo-gozo hasi da
Ezti aukera handia eta berezia ekarri du Jon Etxeberria ataundarrak, giro atseginean egin den Ordiziako azokara. Erosketa gaiak handituz doaz astetik astera.
Gozo hasi dela udazkeneko feria giroa zentzu askotan esan daiteke. Jende pilaketarik ez. Erosketak egiten gehixeago ere estimatuko litzatekeela saltzaileek aitortzen dute, atzo baino feria jendetsuagoak izan baitira, baina inondik ere ez arrisku gune bilakatzeko adina. Eguraldia, eguzkia tarteka eta tenperatura atsegina 16-20 graduren bueltan. Eta produktuei dagokionez, ezti gozoa hemendik aurrera hainbat hilabetetan aukeran izango dugu.
Erle beltzak ditu Jon Etxeberriak, berezko hemengo erle arraza, haiekin elkar lanean 5 ezti mota aurkeztu ditu aurten. Berezienak zuria eta beltza. Krematu zuria, Nafarroakoa, erromeroa eta koltzarbi loreen polenarekin egina eta irabiatze prozesuaren bidez lortutako testura krematsua duena. Aldiz, oso iluna da Arabako ezti beltza, ametzaren ihinteztia edo mielatoa ametzaren izerdiarekin egina. Nafarroako beste bi ere bai aukeran, udaberriko ihintzeztia, gustu azkarrekoa, udako milalorea. Eta Goierrikoa, Ataungoa, fruitu gorrien loreena, arinena hau zaporez. Hiru neurritako potetan salgai 5 euroan (320 gr.), 6,5 euroan (500 gr) eta 12 euroan (1k). Propoleoa eta jalea ere badu, azken hau enkarguz.
Urte polita izan dela zion Jonek, «mota gutxiago baina kilo gehiago», udaberrira arte astero ikusiko dugu, salmentak aginduko du noiz arte zehatz. Martxoaren 4koa izan zen 2019-20 garaiko bere azken azoka. Erleen jakitate eta ezaguera berezia lagun, hurrengo astetik aurrera zetorrena iragarri izan baliote bezalaxe!
Boilur edo trufa garaia
Mikologia atalari begiratuz, on-ddoa nagusi kopuruz eta prezioz 350 k. 14-25 euroan kiloa. Azken hilabetetan ia astero dugu aukeran boilur edo trufa beltza Tuber melanosporum. Asko dago honen inguruan jakiteko eta kontatzeko, «mundu bat». Hemengoa den edo kanpokoa antzematea oso zaila omen da adituek diotenez, eta prezioan alde handia dago kalitatearen arabera. «Hemendik aurrera negu aldera da garaia», zioen Mikel Lasak ezaguna den Morellako (Castellon) boilur azoka berezia gogora ekarriz. Orain 160 euroan kiloa badago ere, «garestitu egingo da, onenak hemendik aurrera izango direlako». Azoka giroan beti ikasten eta beti zer ikasia.