«Herritarrak ezagutzea ezinbestekoa da gauzak martxan jartzeko»
Zuzenbidea ikasi eta gero, berdintasun arloko lanetan hasi zen Arantzazu Baztarrika Izagirre (Gabiria, 1990). Gaur egun teknikari lanak egiten ditu Segurako, Zaldibiako eta Legorretako udaletan.
Zer ikasi zenuen berdintasun teknikari lanetan ibili ahal izateko?
Zuzenbidea ikasi nuen, baina berez karrerak ez du zerikusirik, honen ostean egiten diren ikasketek pisu gehiago dute.
Zeintzuk dira ikasketa horiek?
Nire kasuan, zuzenbideko gradu amaierako lana egitea egokitu zitzaidanean, pertsonen salerosketa eta trafikoaren inguruko gaia aukeratu nuen. Berez gai hori aukeratu nuen tutorearen lan egiteko modua gustatzen zitzaidalako, baina azkenean honi esker piztu zitzaidan interesa. Ikusi nuenean pertsonen salerosketa eta trafikoko biktima gehienak emakumeak zirela, karrera amaitu ostean Emakumeen aurkako indarkerian esku-hartzea izeneko master bat egitea erabaki nuen Deustuko Unibertsitatean, eta master horrek berdintasun teknikari izateko aukera baliozkotu zidan.
Eta zein izan zen egin zenuen hurrengo urratsa?
Egia esan berdintasun teknikari izateko eskatzen dutena da ordu kopuru bateko formakuntza titulatua izatea berdintasun alorrean, baina ez dauka zertan master hori izan beharrik, bide ugari daude. Amaitu nuenean Foru Aldundiko lan poltsa batean sartu nintzen, eta behin hemen eskatzen zituzten baldintzak eta azterketa gainditu eta gero, berdintasun teknikari izateko lan poltsan sartu nintzen.
Zeintzuk dira berdintasun teknikari baten egitekoak?
Nire postua berezi samarra da Goierriko hiru udal txikitan nabilelako lanean. Nik egiten dudan lanak eta Donostiako berdintasun teknikari batek egiten duen lanak baditu antzekotasun batzuk oinarrian, baina lana bere horretan ez da berdina, izan ere, dimentsioak, beharrak edota baliabideak ezberdinak dira han eta hemen. Berdintasun teknikarion oinarrizko betebeharrak dira, besteak beste, kontzientziazioa, sentsibilizazioa, hizkuntza sexistaren lanketa, berdintasuna sustatzeko politikak diseinatzea, emakumeen aurkako indarkeria artatzea, tailerrak antolatzea, udaletxeen administrazioetan berdintasunezko oinarriak mantentzen direla ziurtatzea…
Martxoaren 8ko edo pasa berri den Azaroaren 25eko ekintzak dinamizatzea ere izango dituzue zeregin artean.
Bai, egun zehatzetarako programak ere antolatzen ditugu, eta udaletxeko leku guztietan berdintasuna presente egotea bilatzen dugu, guztiek beren lanetan ikuspuntu feminista hori txertatu dezaten.
Zer moduz moldatzen zara hiru herritako berdintasun alorreko lanak uztartzeko?
Oraindik ohitzen ari naiz, aurretik ez baitzen existitzen figura hori. Foru Aldundiak udalerri txikietan ere berdintasun arlo trinkoak egotea sustatu nahi izan zuen, izan ere, 1.500 biztanleko herriek ez dute beraientzako bakarrik izango den berdintasun teknikari bat izateko aukerarik. Horregatik, Foru Aldundiak erabaki zuen hiru udalerri horien artean postu hori ateratzea, era horretan lan eskaintza duin bat izan zedin. Esan bezala, oraindik ohitzen ari naiz. Urtarrilean hasi nintzen lanean eta martxoan itxialdia etorri zen.
Pentsatzen dut horrek erabat baldintzatuko zuela zure lan martxa, ezta?
Herri bakoitza momentu ezberdin batean dago, eta hasieran programatuta zeuden gauzak bere horretan geratu ziren. Jendea ezagutzea ere zaila da gaur egungo egoeran, eta herritarrak ezagutzea ezinbestekoa da gauzak martxan jarri ahal izateko, horiek baitira herrian dauden beharrak ezagutzen dituztenak, baina bagoaz pixkanaka. Zenbait programekin maiatzean hasteko asmoa geneukan, baina koronabirusa dela eta guztia atzeratu egin da, eta irail-urri inguruan hasi gara martxan.
Herri bakoitza momentu ezberdin batean dagoela esan duzu. Zu lanean hasi berritan inauguratu zuten Seguran ‘Hariz hari sorgindu hadi’ ibilbidea. Hura garatzea izango duzue orain lehentasun.
Bai, ibilbidea martxan jartzeko memoria historikoaren gaineko lanketa bat egin zen aurrez, herriko emakumeek egindako lana bistaratzeko. Udalak sustatu zuen arren, herriko emakume talde bat izan zen ahalduntze prozesu bat segiz hori aurrera ateratzea lortu zuena. Ibilbide fisikoa da, panel batzuekin eratua; bertan gai zehatzekin lotutako herriko emakumeak agertzen dira, adibidez: emakumeak eta kirola, emakumeak eta fabrikako lana… Panel horiek eginak daude, baina hurrengo pausua izango litzateke hau landu ahal izateko unitate didaktiko bat egitea emakume talde batekin.
Legorretan harremak onak sustatzeko programa bat jarri berri duzue abian. Zertan da?
Aurretik eskolan hasi ziren saio hauek, eskolako haurren artean harreman onak eta liskarren kudeaketa sustatzeko, eta jaso dugun diru-laguntzaren bidez eskatu duguna izan da dinamika hori herrira zabaltzea. Asmoa da indarkeria matxistaren gaineko esku-hartze prozesu bat egitea eta lanketa bat egitea animatzen den herriko jendearekin.
Eta Zaldibian?
Herrian ikuspuntu feminista txertatzeko formakuntza saioak hasi ditugu. Hau ere korapilatu egin zaigu, gure asmoa momentu zehatzetan herriko eragile ezberdinekin batzea zelako, haiek antolatutako ekitaldietan ikuspuntu feminista hori txertatzeko, baina orain horretan hastea zaila da, eragileak ere ahal duten moduan dabiltzalako martxan. Hau ikusita, udal barruan hasiko gara ikuspuntu feminista hori txertatzen, pixkanaka egoerak uzten digun heinean herrira zabalduz.
Zein dira bost urte barrurako herri hauetan ikusi nahiko zenituzkeen lorpenak?
Goierri behean Emakumeen Etxe bat egotea gustatuko litzaidake, horixe da lortu nahiko nukeena [Goierriko garaian badago halako bat]. Hori, ordea, ez dago lanean nabilen herrien esku, bailara mailakoa izan beharko litzateke. Idealena izango litzateke herri hauetan berdintasuna sustatuta edukitzea, eragile guztiek ikuspuntu feminista hori txertatuta izatea… Baina bost urte gutxi dira horretarako.