Errementari etxeko eta Aizpeako obrak izango dira proiektu nagusiak
Zeraingo Udalak 866.529 euroko aurrekontua izango du aurten. Abenduan eroritako teilatu eta horma zatiak berrituko dituzte. Zerbitzuak bere hartan utziko dituzte
Zeraingo Udalak abenduaren 30ean egindako azken udalbatzan onartutako 866.529 euroko aurrekontua izango du 2021erako. Beraz, urtea hasterako aurrekontua exekutatzen hasteko moduan izango da Zeraingo Udala. Zerbitzu guztiak bere hartan utziko dituzte eta bi proiektu nagusi jarriko dituzte martxan: Aizpeako meategiko hiru labeak berreskuratzeko lanak gauzatzea eta plazan kokatuta dagoen eta udalaren jabetzakoa den Errementari baserria berrituko dute goitik behera; aurten, halere, lehenengo fasea egitea dute helburu.
«Dena ezin da urtebetean egin, baina aurtengo lana teilatua eta hormak sendotzea izango da», azaldu du Amaia Junquera alkateak. Aipatu bezala, Zeraingo plazan bertan dago Errementari baserria eta abendu bukaeran teilatu zati bat erori zen. Proiektuaren azken helburua udala bertara mugitzea izango da beste hainbat zerbitzurekin batera. Herrirako areto zabal bat eta Osakidetzako kontsultategia ere bertan kokatuko dituzte. «Beste guztia erabakitzeko dago», esan du Junquerak. Aurtengo fasea egiteko 310.000 euroko partida bat onartu dute aurrekontuan mailegu bidez lortuko dutena, eta horrekin batera ‘Leader’ Europako landa eremuen garapenerako diru laguntza programan aurkeztuko dute proiektua besteak beste.
Aizpeako meategiko proiektuaren inguruan 2020an exekutatzekoa zen, baina COVID-19ak eragindako pandemia dela eta atzeratu da. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren diru laguntza jasotzeko zain egon dira; dirua abenduaren hasieran jaso zuten eta abenduaren 22an ezohiko udalbatza egin zuten Zeraingo Udaleko ordezkariek esleipen prozesua martxan jartzeko: «Urtarrilaren amaiera arteko epea izango da enpresek proposamenak egiteko eta esleitu eta gero lanak hasiko dira». Proiektu honen aurrekontua 725.000 eurokoa da eta % 90eko diru laguntzak lortu ditu Zeraingo Udalak erakunde desberdinetatik.
Zerbitzuei dagokienez, ez dute murrizketarik egin: «Hala erabaki genuen, herriko zerbitzuak mantentzea gurea bezalako herri txikietan ezinbestekoa delako». Gastuak murrizteko eta herriko zerbitzu horiek mantentze aldera hainbat erakundetan egiten duten ekarpena murriztu behar izan dute aurrekontuan.
Tasa igoerarik ez
Herritarrei kobratu beharreko tasak ere bere horretan utzi dituzte. Sasietak zerbitzu tasak igo dituen arren, zeraindarrek ordaindu beharrekoa iazko ehuneko bera izango da. Pandemia egoerari erreparatuta hartu dute erabakia: «Gure ikuspuntutik, 2020a urte korapilatsua izan da, eta 2021 ere antzerakoa izango dela dirudi; margen bat genuenez ez ditugu ukitu», azaldu du alkateak. Herriko festetarako, Andre Mari jaietarako, iazko partida berdina gorde dute: «Oso xumea da festetako aurrekontua; ez dakigu zer nolako egoera egongo den, baina abuztuan direnez espero dugu aurten jaiak ospatu ahal izatea». Jubilatuen Eguneko txango eta bazkaria antolatzeko ere iazko partida berdina izango dute.
Egoeraren arabera ikusiko dute urtean zehar, aurten bezala, ostalaritza eta lehen sektoreari laguntzeko ekimenak egiteko beharra dagoen.
Aspaldiko ekimenari hasiera emango diote
Errementari eta Serotegi etxeak berritzeko proiektua aspaldiko kontua da. 2011n erosi zituen udalak eraberritzeko helburuarekin. «Bagenekien egoera txarrean zegoela eta azkenean erori egin da». 2017an eta 2018an Leader programaren diru laguntzak jasotzeko deialdian aurkeztu zuten, baina ez zuten lortu. «Oso proiektu potoloa da, milioi eta erdi ingurukoa». Lehenengo fasearekin martxan jarriko dute.