Izal Baik informazioa ezkutatzea leporatu dio udalari, Ondramuinoren gaian
Ondramuinoko gaztandegiaren lizentzia baliogabetzeko arrazoirik ez zegoela esan zuten auzitegiek, baina herritarrei horren inguruko informaziorik eman ez izana aurpegiratu dio Izal Baik udal gobernu taldeari.
Epaitegiek Ondramuinoren lizentzia baliogabetzeko arrazoirik ez zegoela esan ondoren, informazioa ezkutatu eta honen berri herritarrei eman ez izana leporatu dio Izal Baik Idiazabalgo udal gobernu taldeari. Auzi hori “joko politikorako” erabili izana aurpegiratu dio EH Bilduri, eta erabaki horren berri izan eta urtebetera, “ixilik” jarraitzen dutela salatu du. Gainera, alkateak “pandemiaren erdian, lehen erabilera baimena” eman zuela jakinarazi dute.
Izal Bai alderdiak instalazio berriak egiteko lizentzia legezkoa zela defendatu izan du, eta “joko politiko itsusia” eginez, “batzuon izena gaizki” utzi eta herrian “horrelako instalazio bat egiteko apustua egin zuenari kalte” eragin izana leporatu diote EH Bilduri. Udal gobernu taldeari buruz, haien “informazio estrategia agerian” gelditu dela uste dute, “interesantzen denari kantxa handia emanez eta interesatzen ez zaiena ezkutatuz”.
IZAL BAI TALDEAREN OHARRA
Aurreko legegintzaldian hainbat zer esan eman zuen gaia izan zen Ondramuñoko gaztandegiarena. Lizentzi hori ilegala zela zabaldu zutenak aspaldian ixilik daude. Baina ez da nobedaderik izan ez delako, nobedadea beraiek lehen esaten zutenaren kontrakoa delako baizik. Lizentzia hori ilegala omen zen, baina auzibidean jarri eta gero, lizentzia baliogabezeko arrazoirik ez dagoela ondorioztatu da.
Herritarrok ez duzue honen berri izan, udalean alkatetza duen taldeak horrela erabaki duelako. Ez da horretarako denborarik ez dutelako izan, 2020ko Urtarrileko plenoan (pandemia baino ia bi hilabete lehenago) hartu bai genuen lizentzia hori ematen zuen dekretuak ez errebisatzeko erabakia, hori horrela den edo ez esan behar duen Euskadi mailako organoak aho batez hori ondorioztatu eta gero. Urte bete baino gehiago pasa da, eta udalak informazio hau ezkutatu egin du. Bitartean, pandemiaren erdian, lehen erabilera baimena eman zion alkateak obra berriari.
Joku politikorako ederki etorri zitzaion orain alkatetza duen taldeari. Joku politiko itsusia egin zuten, beste batzuon izena gaizki utziz eta herrian horrelako instalazio bat egiteko apustua egin zuenari kalte eginez. Guk beti esan genuen legala zela eta herritarren artean zalantza eta besteonganako irudi txarra zabaltzen aritu ziren, hori zen helburua, eta helburua lortu zuten. Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta herritarrek ere jakitun izan behar duzue honetaz. Orduko jokua bezain tristea da auzi hau nola amaitu den herritarrak ez informatzea, ez talde bezala, baizik eta udal bezala, EHBilduk udalaren aurka jo bai zuen orduan, beste batzuok geundela arduradun, baina orain ez, orain EHBildu dago horren ardurarekin.
Norbaitek pentsa dezake ea zergatik ez dugun aurrez esan hau. Ba bagenuen susmoa EHBilduk zuzentzen duen udalak ez zituela herritarrak hontaz informatuko eta itxaron egin dugu, horretarako aukera emanez, eta uste dugu urte bete nahiko denbora badela informatu nahi izanez gero.
Ekintzekin erakusten da nolakoa den bakoitza. Eta uste dugu udal honen informazio estrategia agerian geratu dela, interesatzen denari kantxa handia emanez eta interesatzen ez zaiena izkutatuz. Gardentasuna hitz handia da, baina ekintza handiagoa. Hitzetan erabiltzea erraza da, baina gauzatzea ez hainbeste, batzuentzat bederen.