Arbasoekiko mira zaharra eta aurkikuntza berriak
Segurako udal artxibo historikoan agiri esanguratsua aurkitu dute Rafa Berasategik eta Joseba Alonsok. 1335ean, eliza ondoko hilerrian eta lizar baten pean egiten zituzten batzarrak. Euskal ohitura zaharra zen.
Gaztelak Nafarroa konkistatu izana anekdota historiko bat baino askoz gehiago da. Bizimodu-sistema bat, euskal ohitura antzinakoetan oinarritutako kosmogonia oso bat suntsitu zituen, eta gaztelar eredura aldarazi. Desagerpen sistematiko horren zantzuak ez ditu hala esan historiografia ofizialak, baina, bilatuz gero, eta harrietan idatzitakoa leitzen jakinez gero, zantzu batzuk lor daitezke oraindik.
Ahalegin horretan buru-belarri aritzen diren Rafa Berasategik eta Joseba Alonsok aurkikuntza aipagarria egin dute Segurako udal artxibo historikoan. Agiriak digitalizatuta, argazkietan publikatuta eta transkripzio literalak eginda daude, eta araketa batean, 1335eko maiatzaren 15eko herriko batzar baten informazioak txunditu ditu biak.
Batzarren aktak dira, eta han dioen protokolozko sarrerak jarri ditu aztarnaren gainean. Gaztelania zaharrean dagoen idatziak honela dio, euskaratuta: «Gutun hau ikusiko duten guztiek jakin dezatela nola Segurako kontzejuak, alkateak eta zinpekoek, Segurako Santa Maria elizaren hilerriko lizarraren azpira deiadarrarekin elkartuta, hemengo ohituraren arabera,…».
Rafa Berasategik Erraztiolatza museoan daukan Segurako hiribilduaren maketa aldatu beharra eragin du, batetik: «Hilerria elizaren eta komentu zaharraren tartean zegoen. Lizarra ere jarri dut maketan. Esanahi berezia dauka lizarrak euskaldunentzat, bizilekua adierazten baitu».
Hilerria herri barruan egotea da beste datu bat, oraindik gaur egun Ipar Euskal Herrian edo Nafarroako Pirinio aldean dauden bezala. «Euskal sinismenean, pertsona bat hiltzen zen bere oroimena erabat desagertzen zenean, ez aurretik. Horregatik ehorzten zituzten herri barruan, ez ahazteko. Euskaldunentzat oso garrantzitsuak ziren beren hildakoak», dio Berasategik. Herriko parte gisa izaten zituzten, eta kultuzko begirunea adierazi.
Ohitura aldatu, konkistan
Batzarrak hilerrian egiteko ohitura Seguran 1500 arte mantendu zuten. Orduan hasi zen ohitura aldatzen, eta 1522an jada erabat desagertu ziren aipamenak. «Nafarroaren konkistarekin bat egiten du. Euskal erritualak, medikuntza naturalean oinarritutako sendalariak… dena suntsiarazi zuen Gaztelak konkistarekin». Baita sinismenak ere.
Beste behin, agiri zaharrek eta testigantza fisikoek bat egin dute, ordea. 1970ean, elizako berogailua jartzeko obran, hilerri zaharraren lekua zulatu zutenean giza hezurrak agertu ziren. Berasategik berak hilarri bat ere aurkitu zuen, eta etxean jaso. Museoaren atzealdean, horman sartuta ikus daiteke gaur egun, inora eramatea zapuzteko.
Kurioski, zortzi puntako izarra dauka hilarriak, eta kantoia marratua. Gipuzkoan mota horretako hilarri bakarra da, Juan San Martinek ikertu zuenez. «Euskal sinbologia da. Zortzi puntako izarra Nafarroako armarria da. Segura oso herri nafarzalea zen, gero kontrakoa ulertarazi nahi izan bazuten ere. Segurako elizako bobedan bertan, antzinako zortzi nafar ikur daude gainera: izar urrekarak, margo gorriz lotuta. Baskoien bandera zen».
Arbasoen gomutan eta miran egiten ziren batzarrei buruz, erakusketa jarriko du Berasategik orain Erraztiolatza museoan.