Itsaso, herri inguruak berriz janzten
Natura-ondarea berreskuratzeko lanean ari dira itsasoarrak. Kaskotik San Lorentzo ermitara bitarteko mendi sail batzuk erosi zituen udalak iaz, eta zuhaitz landareak aldatu dituzte orain.
Hamarkada askotan pinudiek irentsita egon dira herri txiki asko. Oraindik batzuek hala jarraitzen dute, baina paisaia aldatzeko, begi bista alaitzeko eta, bide batez, bertako flora berreskuratzeko lanean hasi dira beste batzuk. Itsaso da azken horren adibide bat. Ingurumena hobetzeko eta biodibertsitatea aberasteko proiektua esku artean darabilte.
Itsasoko herri kaskotik San Lorentzo ermitara bidean Ezkioko kaskorantz, zehar-zehar, 10 hektarea mendi sail erosi zituen iaz udalak. Bigarren erosaldi batean, beste 3 hektarea eskuratzeko diruak esleituta daude.
Natura-balioa irabazteko proiektu sakonago baten parte dira erosketok. Bigarren urratsa, biziberritzea baita. Langintza horretan lehenengo urratsak egiten ari dira. Lehengo larunbat goizean, 23 itsasoar elkartu ziren 50 bat landare sartzeko.
Hiru tokitan landaketak
Zuhaitz Eguna izendatuta, eta astean aurretik haurrek egin bezala, bertako sei zuhaitz mota aldatu zituzten herri lur berrietan: gereziondoak, gaztainondoren bat, lizarrak, ezkia… eta haritzak gehienak. Malkartsua da tokia. Aranzadi zientzia elkarteko Mikel Etxeberria aditua taldean izan zuten, azalpenak emateko.
San Lorentzo aldeko aldaketez gain, Alegian, Santa Lutzi errekaren ertzean, haltzak aldatu dituzte. Biak batuta, 3.000 landare baino gehiago sartu dituzte. Kizkitzan pagoak kimatu dituzte, eta itxituretan utzi. Desegiten direnean, pago landare gazteak sortzen lagunduko diete. Argiuneak biziberritzeko balioko du.
Bihar gune naturala izan dezaten, gaur erein hazia.