Udazkeneko auzolana egingo dute bihar itsasoarrek
Aurrez udaletxean izena ematea gomendatu dute nahiz eta egunean bertan ere datuak jasoko dituzten. Herriko sei eremu zehaztu dituzte lanak egiteko. 14:30ean elkartuko dira.

Urtero bezala, aurten ere udazkeneko auzolana burutuko dute Itsasoko herritarrek. Bihar izango da aurtengoa, eta ohi bezala, herriko hainbat txoko txukundu edo konpontzeko lanak egingo dituzte. Oraingoz 30 bat lagunek eman dute izena auzolanean parte hartzeko. Itsasoko batzordeak aurrez udaletxean izena ematea gomendatu du ondoren izango den mokadutxoa prestatzeko eta asegurua egiteko. Egunean bertan ere, halere, datuak jasotzeko aukera izango da. Udaletxean ez ezik, 943 47 77 90 zenbakira deituta edo udala@itsaso.eus helbidera idatzita ere eman daiteke izena.
14:30ean elkartuko dira Itsason. Taldean banatuta egiteko sei lan zehaztu dituzte, herriko puntu desberdinetan. Kizkitzan teilatua garbituko dute, panelari markoa jarriko diote eta faroaren argi sentsorea lekuz aldatuko dute. San Lorentzon, itukinak konpondu eta teilatua garbituko dute. Desbrozatze lanak egingo dituzte San Lorentzon bertan, eta baita Itsusturrin ere.
Itsasogoeneko bidegurutzean landare hesia jarriko dute, eta lorategiak txukunduko dituzte Itsason zein Alegin. Horrez gain, su egurra prestatzea ere aurreikusi dute. Arduradunek materiala eramango dute lanerako, eta herritar bakoitzak bere eskularruak eraman beharko ditu. Auzolana amaitzean, 18:30 aldera, Itsasoko Ostatuan herriko produktuekin egindako mokadutxoa hartuko dute parte hartzaileek.
Auzolanaren kultura
Auzolanak ez du etenik Itsason. Urtero egituratutako bi auzolan jarduera antolatzen dituzte herriko txokoetan egiteko: udaberrikoa bata, eta udazkenekoa bestea. Auzolanaren kulturaren inguruan hausnartu ondoren, 2013an ezarri zuten urtean bitan sistematikoki auzolana egiteko ohitura, eta Itsasoko 40-50 herritar inguruk hartu ohi dute parte. Gorka Sasieta batzordeburuak azaldu bezala, «gaztetxoenetik hasita belaunaldi guztiek» egiten dute bat herria hobetzearen aldeko lanekin.
Izena eman ez duten eta parte hartu nahi dutenek oraindik aukera izango dute, gaur ez bada, bihar, 14:30ean Itsason bertan.