Bi proiekzio eta pasta tailerra egingo dituzte asteburuan Itsason
Eguraldi txarrari aurre egiteko, Itsasoko Batzordeak antolatutako aterpeko zenbait jarduera egiteko aukera izango dute itsasoarrek asteburuan. Ostiralean Euskararen Nazioarteko egunarekin bat egingo dute. Haurren aurrean helduok heldu solasaldia proiektatuko dute 19:00etan udaletxeko ganbaran. Martin Ugalde Kultur Parkean izan zen solasaldia herenegun. Helduen hizkuntza praktikak aldatze eta euskara erabiltze aldera ekimenak proposatu ziren bertan.
Larunbatean, berriz, sukaldean aritzeko aukera izango da. Herriko produktuak sustatzeko helburuz, pasta tailerra antolatu dute Hariztizabal baserrian. 16:00etan hasiko da, 19:00ak arte. Tailerrak 5 euro balio ditu eta egunean bertan ordainduko da. Aurrez izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek, 943 47 77 90 zenbakian edo udala@itsaso.eus helbidean.
Euskarazko azpitituluekin
Asteburua bukatzeko, igandean, zinema egongo da, Filmazpit programaren bidez antolatuta. Tomboy filma emango dute udaletxeko ganbaran, 18:30ean. Frantsesez izango da, euskarazko azpitituluekin. Hamar urteko Laure-ren istorioa kontatzen du filmak. Auzo berri batera joango da bizitzera, eta lagun berriak egingo ditu bertan. Laurek bere burua Mickael bezala aurkeztuko du lagun berrien aurrean.