Urteko lehen azoka hotzeko pozgarriak
Landareak eta loreak bizitasuna eman diote beste behin Ordiziako feriari, eta aurrera begira itxaropena piztu.
Ezin esan bizi hasi denik urtea. Goiza aurrera joan ahala, jende gehixeago hurbildu bazen ere lehen orduetan «saltzaileak bakarrik gaude eta» aipatzen zuten haien artean. Negu giroa, hotz eta euritsu, eta hori ere ez da lagun ona erosketak kanpoan egiteko. Baina bai negu garaikoa, pasa diren egun bero horiek ez bezala.
Barazkietan eta fruituetan aza mota berri bat. «Galiziako aza», M. Jesus Oriak Itsasoko baratzetik ekarri du, «hazia erosi eta neuk ekartzen dut, bezero jakin batzuk baditut oso gustuko dutenak eta bereziki haientzat», buru txikiko hostotsua da.
Askotan bezala, aitzindari dira landareak eta giro tristeko goizetako argia loreak. Izan ere landare postuetan marrubiak batetik, oraindik ere goiz da baina landare sendoa da eta ondo irauten du negu giroan ere. 0,80 euroan bakoitza Ibarrako Iguategi etxetik ekarritakoak. Kanpotik ekarritako marrubiak Marokokoak edo penintsula hegoaldekoak jadanik salgai dira. Hemengoak, berriz, hemendik aurrera landatu eta udaberria ondo aurreratu arte ez da bere fruitu garaia izango. Brokoli landareari dagokionez, berriak zituzten Montesenekoak eta etenik gabe ekarri dituzte. Iguategikoak beraz horiek ere aukeran, 0,10-0,12 euroan bakoitza.
Loreei begiratuz, primula edo San Jose lorea aipatu behar da. Azaro hasieran ikusi genituen, gero hutsunea izan da eta orain hurbiltzen da hauen berezko garaia. Azanzatarrek etxeko lehenak salgai zituzten atzo 1,8 euroan bakoitza.
Hamaikagarren urteurrena
Maite Iturbe okina justu atzoko egunez duela hamaika urte, 2011ko urtarrilaren 5ean hasi zen Ordiziara etortzen. «Oso pozik nago ni hemen, ondo saltzen da negu partean eta azken ia bi urtetan gutxixeago baina ez naiz kexatzen», dio beti baikor agertu ohi den Maitek. Produktu bertsuekin hasi eta «opilak egiten hasi naiz geroztik, arto irina, intxaur eta pasak eta zerealdunak, zerbait berria estimatzen du bezeroak».
Gazteek ia ezagutzen ez duten arren, arto opila du oraingo produktu izarretako bat. «Lehengo batean ere puskaka-puskaka ia lau oso saldu nituen, hori pozgarria da niretzat» zioen.