Elkartasunerako arrazoi gehiago
Ruandako garapen proiektuetara laguntza bideratzen jarraitzen du Lazkaoko Rwanda elkarteak, nahiz eta abenduan ohi baino ekitaldi gutxiago egin ahal izan diren. Hiru egitasmo babesten ari dira, haurrentzako.
Pandemiak elkartasunaren hartu-eman bideak ere ahuldu ditu. Erabat eten ez dira egin, ordea, eta Lazkaoko Rwanda Elkarteak Gihara herriko (Ruanda) haurrentzako duela 22 urtetik babesten dituen proiektuak aurrerabidean direla jakinarazi du.
Izan ere, elkarteak antolatu ohi duen Elkartasun Astea murriztuta geratu zen abenduan. Film emanaldi bat eta ikastolan diru bilketa soilik egin ahal izan ziren. Ez jaialdirik, ez erakusketarik, eta ez merkatu txikirik. «Ekimen horien helburua nagusiki gure kontzientzietan zer pentsatua sortzea eta Ruanda presente izatea da. Errealitate desberdin baten berri eman eta horretaz hausnarketa bat egitera animatzea», azaldu du Rwanda Elkarteak.
Jasotako laguntzak Afrikako herrialde horretara bidaltzen jarraitu dute, hala ere. Lazkaotarrez gain, bertako San Benito Ikastolak, eta Lazkaoko nahiz Olaberriko udalek parte hartzen dute garapen proiektuen finatzaketan.
Hiru egitasmo, aurrera
Azken urtean jasotakoarekin, Gihara herrian eta inguruko herrixketan hiru proiektu nagusi lagundu dituzte. Batetik, Rwandarwejo edo kaleko haurrentzako ikas-txokoa funtzionamenduan mantendu da. 2000. urtean sortu zuten azpiegitura, eta kalean geratzeko arriskuan dauden neska-mutikoei hezkuntza edo lanbide bat erakusteko eskola da. Eguerdiko bazkaria ere eskaintzen zaie bertan.
Bestetik, Giharako auzoa den Masakako eskolan jangela izango den eraikina eraikitzeko laguntza bideratu dute Lazkaotik eta Olaberritik. «Baliabide gutxi dagoen lekuan ohi bezala, jangelaz gain balioanitzeko eraikina izango da», aurreratu du Rwanda Elkarteak, hasi berri den proiektua.
Hirugarren egitasmoa Kagina auzoan laguntzen dute. Batwa etniako kideak bizi dira han, e ta behartsuenentzako etxeak eraikitzeko egitasmoa diruz lagundu dute. «Ruandan hiru etnia dira: hutu eta tutsi nagusiak, eta gutxiengoa eta baztertuena den batwa etnia. Talde honen etxebizitza-beharra handia da, eta egitasmoaren helburua etnia horretako kideei etxebizitzak eraikitzeko laguntzak bideratzea da».