Emakumeen binakako Master pilota txapelketan hiru jaialdi, Goierrin
Emakumeen kirola, eta, zehatzago, esku pilota Goierrin erakusteko berebiziko erakusleihoa izango da VI. Master Laboral Kutxa nesken binakako pilota txapelketa. Larrabetzun (Bizkaia) hasiko da, igande honetan, eta Irunen bukatu, goren mailako finalekin, martxoaren27an. Bien bitartean, hiru jaialdi jokatuko dituzte Goierrin.
Guztira 84 pilotarik parte hartuko dute 2022ko binakako Masterrean, bi modalitatetan: pilota goxoarekin (jubenilak eta seniorrak) eta pilota mistoarekin (promoziokoak eta elitekoak).
Aurrekanporaketen fasean, Ormaiztegiko Zubipen izango da jaialdi bat, otsailaren 20an. Hurrengo astean, otsailaren 27an, Segurako Baratze frontoian jokatuko dute. Seina partida ikusi ahalko dira bakoitzean. Elduainen, Asteasun eta Lezon dira beste kanporaketak. Igandeetan, 11:00etan hasiko dira.
Hiru final, Gabirian
Martxoaren 12an, berriz, Gabiriako Alkainburu frontoian pilota goxoarekin gazte mailako eta senior mailako finalak jokatuko dituzte, eta baita pilota mistoarekin promozio mailakoa ere.
Parte hartu nahi duten pilotari guztien aukera jarri dutela aurreratu du antolakuntzak.