IRITZIA. Bi komunikabideon arteko harreman estua
Kolaborazio hauek beharrezkoak ikusten ditugu, komunikabide txikiak garelako, bakoitza bere nortasun eta baliabide ezberdinekin. Elkarren laguntza eta elkarlana ezinbestekoak direlako, herritarrei ahalik eta komunikabiderik onenak eskaintzeko helburuarekin, izan idatziz, ikusiz edo entzunez.
Segura Irratian, goizeko 10.00etatik 12:00etara Goizerokoa saioa egiten dugu Anaitze Jauregi eta Olatz Etxeberriak. Bertan Goierriko zein Euskal Herriko albisteak eta gaiak lantzen ditugu. Eta hainbat kolaboratzaileen parte hartzeak ere izaten ditugu, gai ezberdinak jorratuz. Hala nola, garai bateko kontuak, Txakurren heziketaren ingurukoak, moda kontuak, bidaiak, elikaduraren ingurukoak, sendabelarrak, Urdaibai Bird Centerretik hegaztien inguruak, musika, astrologia, Ordiziako azokako berriak, Goierri Irrati Telebistako berriak eta nola ez GOIERRIKO HITZAko lagunen edukiak.
Aspalditik, Goierritarra-ren garaitik, Segura Irratiak harreman zuzena izan du komunikabide honekin. Lierni Elortza lankideak Mikel Albisu eta Loinaz Agirrerekin eta beste hainbat kiderekin hasitako harremana proiektuaren hasieran kokatzen du. Mota ezberdinetako elkarlana egin izan da urteetan, hainbat tarte entretenigarri eta goxagarri eskainiz Segura Irratiko uhinen bidez. Saio batzuk, asterokoak, beste batzuk puntualki egiten zirenak eta Bixi-Bixi saioan euskararen inguruko hainbat gai ere jorratu izan ziren. Erronka berezi bat ere bai tartean, erreportajeak idazten zituztenean idatzitakoaz haratago ahoz zerbait kontatzearena, hau da, idatzi ezin zen hori irratiz azaltzea, kontatzea, sentimenduak eta emozioak partekatuz.
Harreman estua izan du Segura Irratiak GOIERRIKO HITZArekin. Urte batzuetako etenaldi bat egon zen elkar truke horretan eta 2020. urtean pandemia bete-betean hasi ziren berriro ere kolaborazioak.
Hamabost egunetik behin telefonoz egiten ditugu elkartruke hauek. GOIERRIKO HITZAk aste horretan izango duenaren berri eskaintzen die gure entzuleei.
Kolaborazio tartea asteburuko errepasoarekin hasten da. Urte hauetan, kolaborazio tarte hauekin konturatu gara Goierriko eskualdean zenbat ekitaldi, festa, ekimen… antolatzen diren. Asteburuko errepasoa eginda, asteko edukiei erreparatzen diegu, astean zehar ere badagoelako zer kontatua. Ahaztu gabe ostiralak bereziak izaten direla, Goiberri-ren publikazioa izaten dutelako eta bertako edukiei ere aipua egiten diegulako.
Kolaborazio hauek beharrezkoak ikusten ditugu, komunikabide txikiak garelako, bakoitza bere nortasun eta baliabide ezberdinekin. Elkarren laguntza eta elkarlana ezinbestekoak direlako, herritarrei ahalik eta komunikabiderik onenak eskaintzeko helburuarekin, izan idatziz, ikusiz edo entzunez.
Segi dezagun elkartruke hauekin, etorkizunari begira erronka txikiak jarriz, Goierriko herritarrei berriak zabalduz! Eskerrik asko eta Zorionak GOIERRIKO HITZAri.
Olatz Etxeberria eta Anaitze Jauregi. Segura irratiko kideak