Egun osoa korrika, etenik gabe
Carlos Moran (Zamora, 1960) zegamarrak ultrafondoko munduko marka berria jarri du 12 orduko modalitatean, 60 urtetik gorakoetan, pistan. Apirilaren 9an, 24 orduko marka hausten ahaleginduko da Valentzian.
Carlos Moran mendi lasterkariak ultrafondoko munduko errekor berria ezarri du 12 orduko modalitatean, pistan, 60 urtetik gorakoen mailan. Abenduaren 11n hautsi zuen marka Can Dragó-n (Bartzelona). Hurrengo erronka 24 orduko modalitateko errekor berria ezartzea izango da. Apirilaren 9an jokatuko da, Burjassot-en (Valentzia). 24 ordu Nahiarekin ekimena ere jarri nahi du martxan lasterketa egunerako.
Abenduan errekorra hautsi bazuen ere, ez zen izan Moranen helburua hasieran. «Entrenamendu gisa eman nuen izena, eta gerora marka hautsi nuela baieztatu zidaten». 136,287 kilometro egin zituen eremuan bueltaka. Bigarren postua duenak, Zeelanda Berriko Bryan McCorkindale-ek, 132,565 kilometro egin zituen 12 ordutan 2015ean, eta hirugarrenak, Yves Thenin frantsesak, 128,832 kilometro 2016an.
Pistan edo lasterketarako egokitutako eremuan bueltaka ibiltzen dira ultrafondoko lasterkariak. Zortzi kaletan banatuta, gelditu gabe egiten dute korrika. Hiru orduro noranzkoa aldatzen da eta jan eta edateko hornidura puntuak ere badaude.
Lehenengo aldia
6, 12 eta 24 orduko modalitateak ditu ultrafondoko lasterketak, eta baita mila bakarreko errekorra edo 100 kilometrokoa ere. Abenduan 12 ordukoa egin ondoren, 24 ordukoa egingo du Moranek apirilaren 9tik 10era artean, Burjassot-en. «Eguerdiko 12:00etan hasiko da, hurrengo eguneko 12:00ak arte». Lehenengo urtea izango da Moranentzat, 3 urte baitaramatza izena ematen, baina pandemia egoera dela eta ezin izan du parte hartu.
60 urtetik gorakoen kategorian, 1927an jaiotako Max Courtillon frantsesak dauka ultrafondoko 24 orduko errekorra, 1990eko otsailean ezarria, Britainia Handiko Milton Keynes hirian. 240,790 kilometro egin zituen 24 ordutan. Moran marka hori hausten ahaleginduko da Els Sitges atletismo taldeak antolatutako jaialdian. «Pistan bertan edo homologatutako zirkuitu batean izan daiteke karrera».
Moranek azaldu duenez, sona handia hartu dute horrelako lasterketek azken urteetan. 2020ko azaroan, Kilian Jornet ultrafondista Norvegiako Mandalen hirian ahalegindu zen 24 ordukoa osatzen. 10 ordu eta 20 minututan 134 kilometro korrika egin ondoren lasterketa utzi zuen. «Mendi lasterketetatik gatoz parte hartzen dugun asko».
‘24ordu Nahiarekin’
2020ko abenduan, 3000kmxNahia erronka jarri zuen martxan Moranek, Nahia Gomez gazte zegamarrak pairatzen duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. 3000 kilometro egin zituen Zegama-Aizkorriko ibilbidean. Horri jarraipena emanez, eta gurasoen baiezkoaren zain, 24 orduko ultrafondoko lasterketaren harira beste erronka bat jarri nahi du abian: 24 ordu Nahiarekin. Marka hausterik ez badu ere, Nahiari elkartasuna adierazteko izango da.
Txakur batek hozka egin dio entrenamenduan
24 orduko erronkarako entrenatzen zebilela, baina, txakur batek eraso egin zion urtarrilaren 4an. Moranek azaldu duenez, Segurako lur eremuan dagoen baserri bateko txakurrak hozka egin eta «zauri larriak» eragin dizkio. «Eta ez naiz bakarra, beste lauzpabost salaketa ere bideratu dira». Bi hilabete falta dira 24 orduko lasterketarako, eta Moranek ez daki erritmo egokian iritsiko den: «Hain gutxi falta denean jukutria gaizto bat da». Antibiotikoa hartzen dabil erasoan izandako zauriak osatzeko, eta kexu da «salaketak jarri arren txakurra aske» dabilelako. «Arazo larriak sor ditzake».
12 ordu inguruko entrenamenduak egin ohi ditu Moranek ultrafondoko karrerak prestatzeko. Osatu arte, ordea, ez du esfortzu handirik egingo. «Entrenamendu luzeak izaten dira, eta orain guztiz geldirik nago zauriak direla eta». Txakurraren arazoari irtenbide bat eman nahi dio, bere esanetan «korrikalariek benetako arazoa» baitute gaiarekin, eta zehazki «Segurako baserri hartako txakurrak beste hainbat eraso egin» dituelako.
Segurako Udalarekin harremanetan jarri da Moran azken egunetan jazotakoaren harira. «Salaketak bideratuta daude, baina udalaren erantzunaren zain gaude orain».