Sprilurrek aurten hasiko ditu Sidenor ohiko eremuan urbanizazio lanak
Erakunde publikoak 2018an erosi zuen lursaila. Legazpiko proiektuak 13 milioi euroko aurrekontua du. Bi tximinia handiak eta beste hainbat gune ez dituzte eraitsiko
Legazpiko Sidenor lantegi ohiaren instalazio batzuk zaharberritzeko eta beste batzuk eraisteko eta berriz eraikitzeko lanak aurten hasiko direla iragarri du Sprilur erakunde publikoak. 2018an erosi zuen lursaila, eta orain, 2022an hasiko da eremua berrurbanizatzeko fasea. Proiektuak 13 milioi euroko aurrekontua du.
Otsaileko lehen astean egin du lanen hasieraren iragarpena Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak, Eusko Jaurlaritzak industria lurzoruaren alorrean duen estrategiaren aurrerapena aurkeztean.
Urbanizazio lanen hasiera
Sprilurren Industrialdeak birgaitzeko planaren barruan kokatzen da Sidenorreko proiektua. Erabiltzen ez den esparru industrialak berraktibatzea du helburutzat planak, eta Legazpiko kasuan, eremua egokitu eta pabilioi industrial berri batzuk eraikitzea da asmoa. Inbertsio osoa 14,8 milioi eurokoa da.
Sidenor lantegiaren lur saila 90.716 metro karratukoa da, eta 55.639 metroko eraikigarritasuna dauka. Proiektuaren hasierako fasean, lurrera bota dute isurketa jarraituko eraikina, eta dagoeneko behin-betiko onarpena eman diote eremu horretarako Plan Bereziari eta Urbanizazio Proiektuari.
Urbanizazio lanak aurten hasi eta hainbat fasetan egingo dira, 2023an amaitu arte. Lan horien helburua kanpoko eremuak eta sarbideak egokitzea da, sortuko den poligono berriko kaleak antolatzearekin batera. Eremuan dauden bi tximinia handiak eta beste hainbat gune errespetatu beharko dituzte, industria ondare gisa sailkatuta daudelako.
Sprilur hasi da partzelak komertzializatzen, eta enpresa batzuk interesatuta omen daude Legazpin jarduera kokatzeko.