Ezkio-Itsasoko auzia izan dute hizpide Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Joseba Telleria Ezkioko alkateak, Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburuak eta Martin Iparragirre udal idazkariak azken urteetan bizi izandakoak aurkeztu dituzte ponentzia batean
Ezkio eta Itsaso bi udalerri independente izateko eskaera eta auziari lotutakoak aurkeztu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan, datozen hilabeteetan lurraldeko auzo-udalei buruz landuko duten txostenaren harira. Bertan izan dira Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkatea, Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburua eta Martin Iparragirre udal idazkaria. Prozesua errepasatu eta udalerri izateko salbuespena mantentzea eta auzo udala ere salbuespenari gehitzea eskatu dute.
160 biztanle ditu Itsasok, eta 460 Ezkiok. Guztira, 620 biztanle dira. 1964a baino lehen udalerri independenteak ziren. Diktadura garaian, Francoren 1964ko dekretuaren bidez, herritarren iritzia kontuan hartu gabe onartu zen bi udalerriak bateratzea. Sasietak azaldu duenez, «herri kontzientzia eta herri dinamika propioak» izan dituzte ordutik bi herriek. 2016ko irailaren 18an herri galdeketa egin zen Itsason. 88 biztanlek desanexioaren alde bozkatu zuten, 26 biztanlek kontra, lauk zurian eta baliogabeko bat izan zen.
Gipuzkoako udal barrutien Foru Arauaren arabera 2.500 biztanle izan behar ditu herriak desanexiorako, baina salbuespen batekin: frankismo garaian, 60ko hamarkadan, galdeketarik gabe elkartu zituzten udalerriek berriro banatu nahiz gero, ez da kontuan izango biztanle kopurua. Hori aplikatu eta 2016ko abenduaren 21ean aldundiak udalerri izendatu zuen Itsaso foru dekretu baten bidez.
Foru dekretuaren aurka
2017ko urtarrilaren 13an, Itsasoko udalbatza sortu zuten, eta urte amaieran, abenduaren 29an, Espainiako Estatuko administrazioak foru dekretuaren aurkako errekurtso bat aurkeztu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu, legitimazio prozesalik ez zuela iritzita. 2020ko uztailaren 23an, baina, foru dekretua baliogabetu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.
Iazko ekainean, hala, «2.500 biztanleko araua kentzea eta aurrez zegoen legedia berrikustea» eskatu zuten. Ponentzian ere eskaera hori mahaigaineratu dute, udalerri izateari uko egin gabe. «Ez balitz posible izango konformatu beharko ginateke egungo egoeraren antzerako batekin. Printzipioz auzo udala eta izaera juridikoa planteatzea da gure nahia», azaldu du Sasietak. Hiru bat hilabete iraungo dute auzo-udalei buruzko jardunaldiek, eta denak amaitzean, abokatuek hartuko dute hitza.