Buztintegi, 1.080 bazkide biltzen dituen elkartea
Urteko batzar orokorra egin eta gero, pandemiaren aurreko martxa berreskuratzen hasi da Legazpiko pentsionista eta jubilatuen elkartea. Bidaiak berreskuratu ditu, eta ohiko ikastaroetan jende asko dabil.
Hamar minutuan egin zuen urteko batzar orokorra Buztintegi elkarteak. Gizarte Zentroko kafetegian egin zuen, 90-bat bazkideren partaidetzarekin. Iazko diru kontuak azaldu eta jardueren balantzea egin eta gero, aurtengo ekitaldiari begira jarri ziren. Pandemiak markatutako bi urteren ondoren, Legazpiko pentsionisten eta jubilatuen elkarteak ohiko martxa berreskuratu nahi du.
Eta hasteko, bidaiak. 2020rako aurreikusita zutena hankaz gora utzi zien pandemiak. Galiziara joatekoak ziren, eta orduan erreserba egin zutenei lehentasuna emanda, aurten joango dira, maiatzaren 30etik ekainaren 5era, 55 lagun. Gero, bidai gehiago. Ekainean ere, baina aurrerago, tailerrak eta ikastaroak ematen dituzten boluntarioak egun pasa joango dira, Errioxa aldera seguraski. Irailean beste egun pasa bat egingo dute, Lizarrara. Eta udazkenean Arango bailarara 4-5 egunetarako joateko gogoa ere badute.
Bazkidea izatea baldintza
Bidai horietan parte hartzeko Buztintegi elkarteko bazkide izatea da ezinbesteko baldintza. Horretarako, 65 urte beteta izan edo pentsio bat kobratu behar dira. Gaur 1.080 bazkide ditu Buztintegik. Urteko kuota 8 eurokoa da, eta elkarteak antolatutako bidaiak egiteko aukera izateaz gain, ikastaroetan eta tailerretan ere parte hartu dezakete bazkideek horren truke. Batzuk dohainik dira, beste batzuk ordaindu egin behar dira, eta aukera oso zabala da: joste lanak, gimnasia, yoga, pintura, dantza, memoria, ingelesa, informatika, mendi ibilaldiak, paperezko eskulanak eta xakea.
Ikastaro eta tailer horiek guztiak martxan daude, bingoa izan ezik. Gizarte Zentroko goiko jangelan egiten da, baina areto horren edukiera moldatuta dago COVID-aren ondorioz, eta ezin dira joko horren bueltan elkartzen ziren 80 lagunak batera sartu. Beraz, oraindik itxaron egin beharko dute bingozaleek.
Buztintegik 20.000 euro inguruko aurrekontua du urteko jarduera kudeatzeko. Udalak ematen dio zati handi bat, beste bat bazkideen kuotekin osatzen du, eta gainerakoa, ikastaro eta tailerren kuotekin.
Urteurrenaren ospakizuna
Martxan daude, baita ere, joko txapelketak. Musa, tutea, briska, eskoba, seirak, punttua, igela, toka, botea eta xakea dira jokoak, eta urtero egin ohi izan dira txapelketak. Buztintegiren barruan lehenik, irabazleek gero eskualde mailan lehiatzeko.
Baina aurten dimentsio berri bat dute txapelketek, urte bete beranduago bere 25. urteurrena ospatzeko asmoz, Buztintegik herri osora zabaldu dituelako. Gaur bogan dauden belaunaldien arteko harremanak indartu nahi dituzte horrela. Horregatik, orain hasi diren barruko txapelketak irabazten dituztenak Buztintegiren ordezkariak izango dira Legazpiko beste elkarte eta erakundeei zabaldu nahi dieten txapelketa handiagoan.
Urrian bukatu nahi dute herri mailako txapelketa, hil horretako lehen hamabostaldian beteko direlako 26 urte elkartea sortu zenetik. Momentuz ez dute aurreikusita festarik hori ospatzeko, ikustear dagoelako pandemiaren bilakaera.
Gizarte Zentroa, topalekua
Buztintegiren egoitza Gizarte Zentroa da, eta bertan garatzen du jarduera. Bertan ematen dira ikastaroak eta tailerrak, eta bertan du bulegoa elkarteak, bazkideei arreta emateko.
Gizarte Zentroak zerbitzu gehiago ere ematen ditu, eta han dago Eguneko Zentroa eta foru aldundiaren balorazioak egiteko gunea. Bestela, jubilatuei eta pentsionistei zuzenduta, ile apaindegi bat eta podologia kontsulta ere baditu.
Baina gehien erabiltzen den zerbitzua taberna da. Udalak eskaintzen du zerbitzua, eta Maite Ormazabalek kudeatzen du. Astelehenetik ostiralera dago zabalik, 08:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Itxiera ordurako Junetorri autobusa ateraino joaten da. Askoren eskaria da asteburuetan ere zabaltzea, baina dirudienez pandemiak irauten duen bitartean ez da posible izango. Bitartean, herritar guztientzako dago zabalik, ez delako bakarrik pentsionistentzako eta jubilatuentzako.