Segurako Zopazoka eta Ainitze Sala Landaola sarietarako hautagaien artean
Erakunde publikoen atalean, Segurako Udalak bultzatutako Madura Elikagai Elkartea dago, eta pribatuen atalean Ainitze Sala lazkaotarra, Beiztin Berri baserrian sendabelarrak ekoizteko proiektuarengatik.
Bi goierritar daude izendatuta V. Landaola Sarietako bat jasotzeko. Gipuzkoako sei landa garapen elkartek —tartean Goimen— osatutako federazioa da Landaola, eta, bosgarren aldiz, landa ingurunearen iraunkortasunaren alde lanean ari diren eragileak sarituko dituzte. Sari emate ekitaldia bihar eguerdian Azpeitian egingo dute.
Lau arlotan banatuko dute sari bana: erakunde pribatuaren saria, erakunde publikoaren saria, emakumeak landa eremuan saria, eta urteetako ibilbideari aitortza egiten dion saria. Azken bi sailetako sarituak bihar bertan jakinaraziko dituzte; erakunde publikoetako zein pribatuetako seina izendatuen berri aurrez eman du Landaolak, eta bi goierritar daude tartean.
Ainitze Sala eta Madura
Pribatuan, Ainitze Sala lazkaotarra dago sarirako sei hautagaien artean. Lazkaoko Beiztin Berri baserrian sendabelarrak ekoizteko proiektua hasten ari da.
Erakunde publikoen atalean, Segurako Udalak bultzatutako Madura Elikagai Elkartea dago. Herriko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubia sortzeko Zopazoka ekimena jarri zuten martxan, 2021 amaieran.