Bi urteren ondoren, erlezainak itzuli dira Zegamara
Erlezain eguna ospatu dute gaur Zegaman. Pandemiagatik, bi urtez ez dute ospatu eta jendea gogotsu itzuli da. Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketa Legazpiko Jose Antonio Galdosek irabazi du.
Bi urtez, pandemiagatik, bertan behera geratu ostean, Erlezain eguna itzuli da Zegamara. Eztia, argizaria eta gozoak izan dira, gaur goizean, protagonista. Artisauen zein bertako ekoizleen postuak ere egon dira pilotalekuan eta eskolako aterpean. Gaur, halere, aterpea ez da beharrezkoa izan. Aizkorriko gainak elurtuta ageri baziren ere, eguraldia lagun izan dute Zegamara bertaratu direnek.
Goizean osoan zehar, txistulariek giroa alaitu dute eta zenbait ekitaldi ospatu dituzte. Azoka eta landareen erakusketaz gain, Gipuzkoako zenbait gozogileren produktuak ikusgai egon dira pilotalekuan. Ondoren, gozo horiek eta Rafa Gorrotxategik eztiarekin egindako txokolatinak bertaratutakoen artean banatu dituzte. Eguerdi aldera, Aitxuri Herri Eskolako ikasleen marrazki-lehiaketako sariak banatu dituzte.
Marrazki lehiaketako sariak eman ostean, 13:30ean ekin diote Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketako sari banaketari. Legazpiko Telleriarte auzoko Jose Antonio Galdos izan da garailea. Bigarren saria Igor Altuna lazkaotarrak jaso du eta, hirugarrena, Jose Mari Izagirre idiazabaldarrak. Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezain Elkarteko zuzendariak “parte hartze eta ezti maila handia” goraipatu ditu eta, hurrengo urterako, eskualdekako txapelketak berreskuratzea espero duela adierazi du.