Iraia Mendiak 3.000 metroko Espainiako txapelketa irabazi du
Iraia Mendia lazkaotarrak 20 urtez azpiko Espainiako txapelketa irabazi du. Pista estaliko 3.000 metroko lasterketan eskuratu du urrezko domina. Danel Perez ordiziarrak laugarren postua lortu zuen altuera jauzian.
Asteburu honetan jokatu dira 20 urtez azpiko pista estaliko Espainiako txapelketak Antequeran (Malaga, Espainia). Bertan, Txindoki taldeko bi goierritar aritu dira eta, biek ala biek, emaitza bikainak eskuratu dituzte. Iraia Mendiak urrezko domina lortu du 3.000 metroko proban eta Danel Perez laugarren izan da altuera jauzian.
Bart, gaueko 21:00etan, ospatu zuten 3.000 metroko emakumezkoen lasterketa eta, bertan, azkarrena Iraia Mendia Arrieta lazkaotarra izan zen. 09:47.01eko denboran osatu zituen hamar kilometroak. 3.000 metroko proban izena ematea erabaki zuenean dominengatik borrokatzeko helburua zeukan, baina garaipena ez zuen espero: “oraindik sinestea ere kosta egiten zait”.
Lasterketa hasieratik, bere burua “oso indartsu” ikusi zuen. Proba bizkor hasi zela aipatu du, baina, gerora, erritmoa asko jaitsi zutela. Momentu batean, beste bi lasterkarirekin ihes egin zuen eta, harrapatu ostean, azken kilometrora arte itxaron zuen bere erasoa jotzeko. “Erasoa jo eta indarrarekin nindoan. Zorionez, amaierara arte eustea lortu nuen”.
Helmuga marra zeharkatu eta minutu batzuetara hasi omen zen garaipenaz jabetzen: “Poz handiko momentua izan zen, banekielako nire aita, nire entrenatzailea ere badena, eta nire anaia ikusten egongo zirela. Ama harmailetatik animatzen entzuten nuen eta lagunek ere sekulako animoak eman zizkidaten Lazkaoko tabernatik; entzun ez, baina sentitu nituen!”. Horixe, ingurukoen babesa sentitzea izan da berarentzat “oparirik handiena”.
Danel Perez ordiziarra ere aritu zen Espainiako txapelketan. Altuera jauziko proban hartu zuen parte eta 1,97 metroko jauzia eginda, laugarren postua eskuratu zuen.