Kirola Elkarrekin jardunaldia itzuli da Legazpira
Inklusioaren aldeko Kirola Elkarrekin festa ospatu dute Legazpin. Atzegik antolatuta, hamabi elkarteetako 430 kirolari elkartu dira igeriketan, futbolean, mendian, palan, bola jokoan, bizikleta estatikoan, saskibaloian eta zumban aritzeko.
Goizeko 9:30ean iritsi dira lehen autobusak Legazpiko Bikuña kiroldegiaren aurrera. Kirolariak gogotsu iritsi dira. Batzuk dantzan eta beste batzuk kantari sartu dira musika alaiaz girotutako kiroldegiko kantxara. Pixkanaka, hamabi elkarteetako kideak heldu dira. Guztira, 430 kirolari inguru batu dira kiroldegiaren barnean, bakoitzaren modalitatearen arabera, txukun-txukun antolatuta.
Atzegi Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundeak eta Legazpiko Udalak antolatu dute Kirola Elkarrekin jardunaldia. Pandemiagatik, aurreko edizioak bertan behera geratu ziren eta aurten itzuli da. Horixe goraipatu du Koldobike Olabide Legazpiko alkateak: “Pandemia aurretik antolatu genuen azken ekitaldi jendetsua izan zen Kirola Elkarrekin eta, gaur, berriro ere jende ugari elkartu gara”. Berarekin batera Atzegiko zuzendaria aritu da kirolariei ongi etorria ematen.
Behin harrera saioa amaituta, kirolariak jarduerak egitera joan dira. Mendi-martxako partaideek autobusa hartu dute eta Barrendiolako urtegira joan dira. Gainerako kirolariak herriko kirol-instalazioetan aritu dira. Inklusioaren aldeko ekimenari gogotsu ekin diote kirolariek eta, hurrengo ediziorako, are eta gogo handiagoekin amaitu dute.