Irisgarritasunean hobetzeko pausoak
Ordiziako Udal Gobernuak Irisgarritasun Plana berritu eta proposamena aurkeztu du. Adur Ezenarro alkateak adierazi du Ordizia «irisgarria» izateko urratsak ematen ari direla
Orain arte Ordiziak izan duen Irisgarritasun Plana berritu eta proposamen berri bat eramango du osoko bilkurara, Ordiziako udal gobernuak. Proiektua, Projecta Urbes enpresak garatu du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak adierazi duenez, «gure ardura da Ordizia herri irisgarria izatea guztiontzako, eta bide horretan urratsak ematen ari gara».
Atzo publiko egin zuten proiektua, eta aldaketa anbiziotsuak iragartzen ditu. «Herritarren eta gaur egungo gizartera egokitua» dela nabarmendu zuen alkateak. Ordizian indarrean dagoen Irisgarritasun Plana 2008koa da, eta ordutik aldaketa puntualak egin dizkiote. Ezenarrok iritzi duenez, «bertan ez zen behar bezala jasotzen Ordiziak dituen altuera maila aldaketak, eta horren ondorioz, igogailuen beharra». Irisgarritasun plan berri honen memoriak jasotzen du, abiapuntuan udalerriaren egungo diagnostiko bat dagoela, eta hori oinarrian izanda, marraztu dutela. Herritarren ekarpenak eta genero ikuspegia ere kontutan hartu dituzte.
Hala, proiektuak jasotzen du, guztira 11 igogailuren beharra dagoela Ordiziako espazio urbanoan, pertsona guztientzat herri irisgarriago bat izate aldera. Erronka handia da eta Ezenarro bera ere horren jakitun da: «Badakigu jarduketa hauek ezin direla egun batetik bestera egin; obra handiak dira, aurrekontuz eta denboraz».
Proiektuak ondorengo eremuetan aurrikusten ditu jarduketak. Batetik, Barrena-Zuhaizti-Arana-Aranako Terraza-Sanperio eremuan, lau igogailuz osatutako katea egitea, Proposamen hau 2008ko Irisgarritasun Planean ere jaso zen.
Altamira auzoa nolabait herrigunera gerturatzeko egiten duen jarduketa-proposamena da igogailu bat eta trenbidearen eta autobiaren gaineko pasabide bat jartzea. Bestelako hobekuntzak ere aurreikusten ditu.
Buztuntza auzoak, Majorirekin lotura hobea izan dezan ere, igogailu bat jartzea aurreikusten du aurkeztu duten Irisgarritasun Planak.
Tren geltokiko eremuan ere bai. Honako proposamena ere ez da berria, aurreko agintaldian udalak eta Adifek sinatu zuten akordioa.
Geltokitik gertu, baina San Bartolome auzora oinezkoen mugikortasuna errazteko ere jarri nahi dute beste igogailu bat.
San Jose egoitza irisgarriago egiteko baliatuko lukete beste bat, eta Filipinak-Otatza eremuarentzat eta Zumalakarregi eta Okorrobidea lotzeko, bana.
Espaloiak
Gainera, Irisgarritasun Plan honetan udalerriko espaloien eta oinezko pasabideen irisgarritasuna hobetzeko beste proposamen batzuk ere deskribatzen dira, hau da, bai espaloietan, bai kalea zeharkatzerako garaian, eta bai orokorrean oinezkoen ibilbidea erraztea bilatzen du.
Zentzu horretan, adibidez, Zuhaizti eta Barandiaran plazen arteko irisgarritasuna hobetzeko proposamena egiten da. Izan ere, detektatu da, bata bestearen alboan egonda, Zuhaiztiak askoz ere jende gehiago hartzen duela.
Eraikin publikoak
Eraikin publikoen azterketa ere egin dute irisgarritasunaren ikuspuntutik. Aztertu dituzten eraikin publikoak Barrena Jauregia, Muxika Dorrea, Jakes Etxea, Zuhaizti Eguneko Zentroa, Oiangu Baserria eta Altamirako Eskola Zaharra dira.
Aipatutako guztiak eraikin zaharrak dira eta gehienak batere irisgarriak. Horietako gehienetan ez dago ez igogailurik edo sarreran eskailerak dituzte, besteak beste. Aipatutako guztietan jarduketa interesgarriak proposatzen dira.