Batukada topaketarekin astinduko dute Lazkao
Ekainaren 11n, hamabost batukada talde elkartuko dira Lazkaon, berrehun danbor jotzaile baino gehiago. Festa giroan igaroko dute egun guztia, kalejiran. Erritmo bateratu bat denek batera joko dute.
Pandemiatik irteteko ekitaldi erraldoi modura, batukada taldeen juntadizo are erraldoiagoa egingo dute ekainaren 11n, Lazkaon. Hego Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko dira egun guztiko festara, tartean Lazkaook Suthai taldea eta Itsasondokoa. Baita Madrildik bi, Valentziatik edo Jaendik ere.
Festaren ideiatzailea Imanol Garmendia lazkaotarra da, eta harekin batukadan dabiltzan Amaia Garmendia, Ane Zaldua eta Maialen Arratibel batu dira antolakuntza taldera. «Herri osoa hartuko dugu ekainaren 11n, batukadak kalejiran ibiltzeko. Talde bakoitza herriko boluntario batekin ibiliko da, eta Atzegi elkarteko ume goierritarrek parte hartzea ere nahi dugu», azaldu du Garmendiak.
200 lagunetik gora
Jendetsua izango da topaketa. Hamabost taldeekin, 200 jotzailetik gora etorriko dira. «Valentziako taldean, adibidez, 70 lagun dira. Bezperan iritsiko dira haiek, eta hemen lo egingo dute». Festa-eguneko bazkaritarako bost paella erraldoi prestatuko dituzte valentziarrek, plazan, partaide guztientzat.
Goizean, gosaldu ondoren, ekingo diete kalejirei. Arratsaldean ere beste bat egingo dute, eta asmoa da guztiek batera plazan amaitzea. «Horretarako, sekula egin gabekoa egingo dugu: 200 lagunetik gora erritmo bereko batukada jotzea. Ari gara prestatzen talde guztiok jada».
Eguna bukatzeko, musika kontzertu bat egingo dute, plazan, oraindik zehazteko dagoen talde batekin. Plazako arkupeetan tabernak jarriko dituzte, eta plazatik aparteago dauden ostalariei emango diete han lan egiteko aukera, irabaziak herrian bertan geratzeko —bazkaritarako jakiak ere herriko dendetan erosiko dituzte—.
Jai giroko topaketa
Batukada topaketak ez du helburutzat helburu benefikorik, baina adimen urritasuna dutenek parte hartzea nahi dute, haiek ere gizartean ikusarazteko. Maialen Arratibel adibidez, 26 urtekoa, batukadan hasi berria eta antolakuntzan pozarren dabilena, jarri dute ispilutzat.