«Ukrainako gerrako irudiak ikustean, neure burua irudikatzen dut»
Lejla Oruc Bosnian jaio zen, 1986an. 5 urte zeuzkan jaioterrian gerra piztu zenean. 1992an iritsi zen Ordiziara. Dioenez, gerrak eragindako zauriak irekita daude oraindik, 30 urte geroago.
Ukrainako gerrak iraganeko sentipenak piztu ditu Lejla Orucengan (Txajnitxe, Bosnia, 1986). Hura ere gerrako errefuxiatua izan zen 5 urte besterik ez zuenean. Bosnia jaioterria utzi, eta amarekin eta ahizparekin beste bizitza bat egitera behartu zuten. Ukrainako gerrako irudiak oroitzen ez dituen garaien ispilu dira ezinbestean. Bere istorioa kontatu du, testigantzak ihesean doazen ukrainar horien bizipena ulertzen lagunduko duelakoan.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Nor da Lejla?
Bosniako gerraren eraginez jaioterritik alde egin behar izan zuten umeetako bat naiz. Amari esker, aurrera egiten ikasi dut, eta nire bizitza hemen errotuta daukat, Ordizian.
Ordiziarra ala bosniarra zara?
Ordiziarra naizela esan dezaket. Bosniar herritartasunari uko egin behar izan diot Espainiakoa eskuratu ahal izateko. Izapide burokratikoak tarteko, ezin zaie biei eutsi. Asko kostatu zait bosniar herritartasunari uko egitea.
Bosnian bizi zineteneko oroitzapenik baduzu?
5 urte nituen Ordiziara iritsi ginenean. Ordutik aurrerako oroitzapenak baditut, baina lehenagokorik ez. Hona iritsi bitarteko kontuak amak kontatuta dakizkit.
Nolako familia zen zuena?
Familia normala zen gurea. Txajnitxen jaio nintzen [garai hartan, Bosnia; gaur egun, Bosniako Serbiar Errepublika, Bosnia eta Herzegovina], baina bizi, mendiko herri txiki batean bizi ginen. Gaur egun, ez da geratzen orduko hartatik ezer. Lauzpabost etxe zeuden gure herrian, eskola bat zegoen handik ordu erdi batera, oinez, eta denda bat; horixe zen guztia. Amak Txajnitxeko lantegi batean egiten zuen lan. Armak gordetzeko egurrezko kaxak egiten zituzten han. Aita, berriz, margolaria zen. 6 urtera arte ez zen derrigorrezkoa eskolara joatea, eta amonarekin [aitaren ama] egoten ginen etxean. Bizimodu normala generaman.
Azpimarratu beharra daukat urte gogorrak izan zirela amarentzat. Tradizioz, emaztea ezkontzean, senarraren familiarengana joaten zen bizitzera, eta aitaren familia oso gaizki portatu zen amarekin: amona oso zorrotza zen, ez zion jaten ematen, haurdun zegoela baratzeko lanak egitera behartzen zuen, amak irabazten zuen diruaren zati handi bat berari ematera behartzen zuen, ahizpari eta niri esnea beharrean ura ematen zigun esne pixka batekin nahastuta… Amak neskame lanak egin behar izaten zituen amonarentzat. Hori izan zen hemen [Ordizian] geratzeko arrazoietako bat.
Zuk 5 urte zenituela piztu zen Bosniako gerra. Nola bizi izan zuen hura zure familiak?
Aitak denboraldiak ematen zituen etxetik kanpo, margolari lanetan, eta, ordu hartan, ez zegoen etxean. Amak lan egiten zuen fabrikan bosniarrak eta serbiarrak aritzen ziren, Txajnitxe mugako herria baitzen orduan. Bosniarrak eta serbiarrak elkarrekin bizi ziren; hartu-emanak onak ziren. Han lan egiten zuen lagun serbiar batek ohartarazi zuen ama, gerra hasita zegoela; gomendatu zion ahalik eta azkarren etxetik beharrezkoa zuena hartu eta alde egiteko. Etxera eraman zuen, autoz. Amak, ahizpa eta biok eta beharrezkoa zuena hartu, eta mendi aldera eraman gintuen, leku seguru batera. Aste eta erdiz egon ginen han, beste batzuekin batera, zuhaitz azpietan lo egiten.
Handik Montenegrora jo zenuten, ezta?
Bai. Bidea autobusez egin genuen, eta, mugara iristear ginela, Serbiako armadak geldiarazi egin zuen autobusa. Emakumezkoak eta haurrak alde batera jarri gintuzten, eta autobusean gurekin zihoazen gizonezkoak, bestera. Edukiontzi batean sarrarazi zituzten, eta su eman zieten. Nire aitonaren [amaren aita] lagun serbiar batek bere garajean hartu gintuen. Hala egon ginen hilabete eta erdi inguru, giroa nahasten hasi eta berriz alde egin behar izan genuen arte.
Mazedonia izan zen zuen hurrengo helmuga.
Errefuxiatuentzako kanpaleku batean eman genituen sei hilabete. Gogorra izan zen: gosea, hotza, beldurra… Amak kanpalekutik kanpo suertatzen zitzaion edozer gauzatan lan egiten zuen, diru pixka bat batzeko. Koltxoi azpian gordetzen genuen dirua, dokumentazioa… eta, egun batean, dena lapurtu ziguten. Emina [Lejlaren ahizpa] eta ni bere alabak ginela frogatu behar izan zuen amak Poliziaren aurrean. Bi ezaguni esker, hori ziurtatzen zuen paper ofizial bat lortu ahal izan genuen.
Noiz agertu zen Ordizia zuen bidean?
CEAR Espainiako gobernuz kanpoko erakundeak eta Ilargi Gorria elkarteak errefuxiatuen kanpalekutik ateratzeko aukera eskaini ziguten. Horretarako, taldeko pasaporte bat atera behar izan genuen, han zeuden beste emakumezko eta haur batzuekin batera, guk geuk ordainduta. Ez genekien nora eramango gintuzten. Pegatina bana jarri ziguten soinean, eta Ordizia egokitu zitzaigun guri. Beste batzuk Legazpira edo Mundakara [Bizkaia] joan ziren. Gu izan ginen Euskal Herrira iritsi ginen Bosniako gerrako lehendabiziko errefuxiatuak.
Abenduaren 9an iritsi zineten Ordiziara, goizeko ordu batean.
Amarentzako deskantsua izan zen: azkenean, atzean utzi zituen bonba hotsak, gosea, errefuxiatuen kanpalekua… Apellaniz fabrika izan zenean prestatu ziguten etxebizitza Ordiziara iritsi ginen bosniar errefuxiatu guztiei; 24 inguru ginen.
Zaila izan zen Ordiziara egokitzea?
Amarentzat guretzat baino zailagoa izan zen. Ordiziarrak oso ondo portatu ziren gurekin; inoiz ez zitzaigun falta izan jatekorik. Gogoan daukat guk jostailu pila bat genuela. Hasiera-hasieratik izan genuen herriaren babesa. Herrian bizi zen kroaziar batek itzultzaile lanak egiten zituen eskolan, kalean…, behar genuen guztietan. Udaletxean ematen zizkioten lan guztietan lanean aritu zen ama: garbitzaile, margolari… Gerora, garbitzaile lana lortu zuen herriko enpresa batean, eta urteak daramatza horretan.
Nola gogoratzen dituzu nerabezaroa, gaztaroa… Ordizian?
Ondo. Orokorrean, oso ondo portatu izan dira gurekin. Oroitzen dut nerabezaroan iraindu egiten nindutela kanpotarra nintzelako, baina gutxi batzuk izan ziren. Ni ordiziarra sentitzen naiz. Nire adineko beste edozein neskak bezala, lagun kuadrilla daukat. Irakasle Eskolan, Haur Hezkuntza ikasi nuen unibertsitatean, eta, gaur egun, dei zentro batean lan egiten dut, Abaltzisketan. Jon Aierbe nire bikotekidearekin bizi naiz Ordizian, eta ezkontzeko eta haurrak izateko asmoa daukagu luze gabe.
Zuek ihes egitea lortu zenuten, eta beste bizitza bati ekin zenioten Ordizian, baina aita frontean geratu zen, borrokan. Baduzu haren oroitzapenik?
Ez, argazkien bidez ikusi dudana soilik. Gerra aurretik ere, lanagatik, aitak denbora gutxi pasatzen zuen gurekin. Ama izan da gure aita eta ama.
Bosniara itzuli zarete?
1996ko martxoan itzuli ginen lehenengo aldiz, SOS Balkanak gobernuz kanpoko erakundearekin. Gerra 1995ean amaitu zen. Autobusez egin genuen bidaia. Oinarrizko gauza asko eraman genituen: liburuak, arropa, osasun materiala… Koro Bosque eta Mari Jose Ansalas, amaren Ordiziako bi lagun etorri ziren gurekin batera, amak ez baitzuen bakarrik itzuli nahi. Bidaia gogorra izan zen: gerra amaituta zegoen arren, etsaiak ginen gu serbiarrentzat, eta hala sentiarazi ziguten.
Aipatu dituzunez gain, Bosniako gerrak zer ondorio eragin dizkizue zuri eta zure familiari?
Gure familian, 30 pertsona galdu genituen gerraren ondorioz; tartean, nire aita. Gerra batek betiko markatzen zaitu.
30 urte pasatu dira. Irekita diraute gerrak gizartean sortu zituen arrakalek?
Gerra ez dugu ahaztu. Alde batekoen eta bestekoen diskurtsoak berdinak dira oraindik ere. Zeinek daki gerra ez ote den berriz piztuko bosniarren eta serbiarren artean? Inoiz ez da izan orduan egindakoaren aitorpenik. Inork ez dio barkamenik eskatu Bosniako herriari.
Ukrainako gerrak iraganeko mamuak berpiztu ditu zuengan?
Ukrainako gerrako irudiak ikustean, neure burua irudikatzen dut; amak zein gaizki pasatu zuen gogorarazten dit. Iruditzen zait urte hauetan guztietan ez dugula ezer ikasi. Sarraski bat behar al da zerbait egiteko? Ukraina eta Errusiaren artekoa 2014tik dator; aurrez ikus zitekeen, baina ez dute ezer egin. [Vladimir] Putini egotziko dizkiote gerra krimenak, hartuko dituzte erantzukizun politikoak…, baina jada asko dira hildakoak.
Ukrainako gerrak modu berezian eragin dizue, beraz…
Haurrak ginela, amak lanera joan behar izaten zuenetan, Mari Josek [Ansalas] bere etxean hartzen gintuen ahizpa eta biok, eskolara joateko ordua iritsi bitartean. Gosaltzen ematen zigun; gutaz arduratzen zen. Gure bigarren ama da niretzat. Ukrainako gerraren ondorioz, orain 30 urte amak bizi izan zuena bizitzen ari da bere larruan. Orain zortzi urtetik, Ukrainako bi haur hartu izan ditu harreran. Haientzat ere ama baten modukoa izan da. Ivankiven daude [Ukraina], ezin dute handik atera, eta hiru aste daramatzate haien berririk gabe. Komunikazioak etetea gerra taktika bat da azkenean; min handia egiten du.
Zein da konponbidea?
Ez dago jakiterik. Bosnian ere gerra hilabete bakan batzuetako kontua izango zela uste genuen, eta ia bost urte iraun zuen azkenean. Nazioarteko elkarrizketek zerbaitetarako balio izango duten esperantza daukat.
MOTZEAN
Ordizia?
Orain, nire bizitza; garai hartan, berriz, esperantza.Bosnia?
Haurtzaroa.Ama?
Dena da niretzat. Hark irakatsi dit naizen guztia. Gu salbatu gaituena.Aita?
Bizitza eman zidana, baina, niretzat, ama da aita.Amets bat?
Gerrarik gabeko etorkizun bat.Gustuko musika talde bat?
Berri Txarrak.Bosniar kulturatik zer gordetzen duzu?
Hizkuntza. Gainontzean, mantentzen dudan gauza bakarra txerrikirik ez jateko ohitura da.Faltan duzuna?
Gustuko dut Bosnian familian eta lagunarteko harremanetan dagoen gertutasuna.