Jentilbaratza Elkarteak eta Arrate Leundak Urrezko Kalabaza jaso dute
Ahozkotasunaren Jaialdiaren barruan, jakina zen Jentilbaratza Elkartearen aitorpenaz gain, ezustean beste bi sari banatu dituzte, horietako bat, Arrate Leunda ipuin kontalari ordiziarrari eman diote.
Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdiaren azken egunean, Urrezko Kalabaza sariak banatu zituzten larunbatean, Tolosako Amarotz Auzo-Etxean egindako ekitaldian. Bertan, Ataungo Jentilbaratza Elkarteak egiten duen lana saritu nahi izan dute. 40 urte bete zituen iaz elkarteak, eta urtero egiten duten emanaldian 200 lagun baino gehiago inplikatzen dira, tartean gazteak, eta Joxe Migel Barandiaranen ondarea berreskuratzen zein beste bertsio batzuk egiten duten lana nabarmendu dute.
Jentilbaratzak Urrezko Kalabaza jasoko zuela jakina zen lehendik, baina larunbateko ekitaldian, beste bi sari ere banatu zituzten, ezustean. Horietako bat, Arrate Leunda ipuin kontalari ordiziarrarentzat izan da, alor horretan aitzindari izateagatik. “Harrituta” jaso du saria Leundak. “Ez nuen inondik ere espero, nire txikitasunean ez naizelako batere ezaguna. Besteak sariak jasotzen hasi direnean pentsatu dut zer polita izan behar duen horrelako sari bat jasotzea. Azken urteotan zirkuituetatik kanpo nabil, baina sari honek indar pixka bat eman dit, eta ez dakit berriro helduko diodan kontaketari”.
Beste saria, Juan Inazio Hartsuaga antropologo tolosarrarentzat izan da, berak ikertzen eta lantzen dituen teoriak oso ondo etortzen zaizkielako ipuin kontalariei, gero bere ipuinak osatzeko. Hartsuaga ere ezustean harrapatu du sariak: “Ni ez nabil mundu hauetan, lehen aldia da topaketa hauetara etortzen naizela. Erabaki dute sari bat ematea ingurune honetakoa ez den norbaiti; ni ez nabil liluraren edota literaturaren alderdian, nik beste alderdia lantzen dut, mezuarena eta mezu horren azterketarena”.
Antolatzaileei ere aitortza
Urrezko Kalabaza sariak banatzeaz gain, ekitaldian aitortza egin diote antolakuntza lanetan aritzen diren Intujai Teatroko kideei. Hain justu, Intujai Teatroko May Gorostiagak esaldi batean egin du Ahoz Ahoren balantzea: “Hilabete izan da eta motza egin zaigu. Leher eginda gaude fisikoki, lan handia baitago atzetik, baina ikusi dugu ekintza guztiak oso ondo joan direla eta ikusten dugu nolako loturak ditugun euskal ipuin kontalarion artean. Azken egun hau gu elkartzeko izaten da, topagune bat bihurtu da Amarotz, eta behintzat urtean behin elkartzen gara gure kezkak, gure ametsak eta gure lana nola hobetu dezakegun elkarbanatzeko. Opari bat da”.